Petronorrek erabaki historikoa hartu du: itxi egingo du gasolina egiteko FCC unitatea, lehen aldiz. Plantako bigarren findegia ere itxiko du. Findegi hori 2009ko irailetik 2010eko maiatzera ere itxi zuen. Behin-behineko itxierak izango dira: gasolina unitatea, oraingoz, urtarrilean; bigarren findegia, berriz, urtarrilean eta otsailean. Zergatik? Petronorren esanetan, azkeneko hiru hilabeteetako irabazien tartearen jaitsiera «zorrotzagatik» eta iaz eskaera nabarmen jaitsi zelako. Krisiagatik, alegia.
Muskizko findegiak ez daki noiz zabalduko dituen berriro gasolina egiteko FCC unitatea eta bigarren findegia. Itxierari eutsiko dio, «merkatua berriro indartu bitartean». Bigarren findegiaren itxierak, berez, hilabete bat iraun behar zuen 2009ko irailean ere, baina azkenean zortzi iraun zituen. Orduan ere antzeko arrazoiak erabili zituzten itxiera zuritzeko. Orduan produkzioarenjaitsiera %41 ingurukoa izan zen. Repsolek, Petronorren jabeak, ez du beste findegirik itxi.
Itxierak eragin nabarmena izango du Petronorren jardueran eta kopuruetan, ekoizpena ia erdira jaitsiko baitu urtarrilean: egunean erregai ezberdinen 220.000 upel ekoiztetik 120.000 ekoiztera pasako da, Efe agentziak emandako datuen arabera.
FCC unitatea itxi behar izatea gasolinaren eskaerak Espainian eta Ameriketako Estatu Batuetan izandako jaitsierari egotzi dio. Petronorrek Euskal Herrian, Espainian, Katalunian eta Galizian saltzen ditu ekoizten dituen erregaien hiru tonatik bi. Gainerakoa AEBetan, Europan eta Gibraltarren saltzen du.
Bigarren findegia itxi behar izatea bi faktoreri egotzi die: alde batetik, petrolio gordinaren eta fuel-oilaren prezioen arteko alde txikiari (petrolio gordinetik ateratzen da fuel-oila); bestetik, Visbreaking unitatearen (biskositatea gutxitzeko prozesua) irabazi tarteak ere asko txikitu direla. Biak beharrezkoak dira fuel-oila ekoizteko. «Sekulako gainbehera gertatu da irabazi tarteetan», esan du Petronorrek. Ondorioz, «findegia geratu behar izan dugu».
Errentagarritasunik ez
Laburbilduta, une honetan fintzea ez da errentagarria konpainiarentzat.2009an eta 2010ean ere ez: 2009an 28,4 milioi euro galdu zituen fintze jarduerarekin. 2010ean 291,2 milioi euro irabazi zituen, «horietako asko negozioaren egunerokotik kanpoko emaitzengatik». 139,1 milioi euro CLHren %5,33 saltzeagatik izan ziren.
Ikusteko dago itxierak zer nolako eragina izango duen langileengan. 2010 urte amaieran 921 langile zituen, 784 kontratu finkoarekin eta 137 behin-behinekoarekin.
FCC unitatea eta bigarren findegiaren itxierari gehitu egin behar zaizkio langileen protestak. Hainbat greba egun egin dituzte, lan hitzarmenaren inguruan enpresarekin dituzten desadostasunak salatzeko eta enpresa negoziatzera bultzatzeko. Iazko urriaren 10ean egin zuten azken bilera. Hilabeteak daramatzate akordioa lortu ezinik, eta aurtengo urtea ere greba batekin hasi zuten.
Petronorrek erregaien produkzioa ia erdira jaitsi du, krisiaren eraginez
Itxi egingo ditu gasolina egiteko unitatea eta bigarren findegia, eskaria jaitsi delako eta irabazi tarteak asko txikitu direlakoBehin-behineko neurria da, baina indarrean jarraituko du «merkatua indartu bitartean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu