Petronorreko langileek bederatzi eguneko greba egingo dute bihartik aurrera, enpresak proposatutako aldi baterako erregulazio espedientearen aurka. Muskizeko findegian (Bizkaia) 354 langileri eragingo die espedienteak, lantaldearen heren bati, eta urte bukaera arte irauNGO du. Zuzendaritza eta langileen batzordea neurria negoziatzen ari dira.
Mobilizazioa ostiral honetan, hilak 11, hasiko da, 14: 00etatik aurrera, eta ekainaren 20ra arte iraungo du. Aste OSOAN, besteak beste, borrokan dauden beste enpresa batzuetako langileekin bilduko dira, eta haiekin batera protestak egingo dituzte, aurretik egin izan duten moduan. Era berean, Gasteizera martxa bat egitea aurreikusi dute, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Batzordean agerraldia eskatzeko.
Langile batzordeak ohar batean azaldu duenez, azken asteotako mobilizazioen ostean zuzendaritzak hainbat bileretara deitu ditu langileen ordezkariak, baina ez die erantzunik eman haien eskaerei.
Langileen ordezkariek ziurtatu dute ez dagoela arrazoirik lan taldea aldi baterako murrizteko, aparteko orduak egiten ari direlako eta lan asko egin gabe daudelako, mantentze lanekin loturikoak, bereziki. Horren harira, batzordeak azaldu du joan den astean isuri bat izan zela findegiko 1. unitatean, eta astebetez gelditu behar izan dutela. Hala ere, salatu dute zuzendaritzak ez duela geldirik dagoen 2. unitatea martxan jarri nahi izan. «Argi geratu da espedientea aplikatzeko dituen arrazoiak ez direla produkzio eta antolaketa arlokoak. Lan harremanak irauli eta indefentsio modu bat sortu nahi dute», azpimarratu dute.
Langileen ordezkarien iritzian, «dena da posible zuzendaritza honekin». «Trileroek egiten duten bezala negoziatzen du, eta ez du zalantzarik egiten eskubideak murrizteko orduan edo lotsarik gabe emandako hitza urratzeko. Aldi berean, erakundeetan laguntza milioidunak eskatzen ditu».