Enpresak

Petronorren erregulazioa «justifikaziorik gabekoa» dela esan du epaile batek

Enpresak helegitea jarriko dio ebazpenari, enplegu erregulazioaren beharra hobeto azaltzeko. Bestalde, hidrogenoari, erregai sintetikoei eta eguzki energiari lotutako proiektuak Alba filialean batuko ditu Petronorrek.

Petronorren findegia, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko irailaren 6a
12:59
Entzun

Bilboko auzitegiak «justifikazio gabekotzat» jo du Petronorrek maiatzean indarrean jarritako ABEE aldi baterako enplegu erregulazioa. CCOOk eman du epaiaren berri eta ziurtatu du enpresak kontratuak berregin beharko dituela eta aldi baterako langabezian geratutako langileen soldatak ordaindu beharko dituela.

Maiatzean abiatu zen Petronorren aldi baterako erregulazioa. Beste malgutasun neurriak agortuta, 965 langileetatik 364 erregulazioan jarri zituen findegiak, erregaien kontsumo jaitsierak haientzako nahiko lan bermatzerik ez zuela argudiatuta. Urrian zen amaitzekoa. Sindikatuek kontra egin zioten enpresari, besteak beste, langile askoren faltak enpresan segurtasun arazoak sortuko zituela ziurtatu baitzuten, eta auzitegietara jo zuten.

CCOOk langileen borroka «ausarta, kementsua eta bateratua» goraipatu du eta zorionak eman dizkie langileei. Enpresari, berriz, eskatu dio epaia berehala betetzeko. Petronerrek helegitea jarriko dio, ordea, ebazpenari, ABEEaren arrazoiak hobeto azaltzeko. Konpainiak esan du epaitegiak baztertu egin duela lan batzordeak eskatutakoa: erregulazioa baliogabetzea. Baina espediente hori ontzat emateko argumentazio gahiago behar duela esan du epaileak, Petronerren arabera, eta helegitean arrazoi horiek hobeto azalduko dituela iragarri du.

Alba filialaren sorrera

Petronorrek enpresa bat sortu du deskarbonizazioarekin eta trantsizio energetikoarekin lotutako jarduera guztiak biltzeko. Alba Emission Free Energy S.A. izena izango du enpresak, Petronorren filiala izango da %100ean, eta Bizkaian izango du egoitza.

Hidrokarburo enpresa gehienak bezala, Petronor ere bere burua prestatzen ari da erregai fosilek orain baino askoz leku gutxiago izango duten unerako. Eguzki energiaren arloan hasi da, hidrogenoaren inguruan hainbat proiektu ditu abian, eta erregai sintetikoak garatzen ari da. Arlo horiek guztiak Alba adarrean bildu ditu Muskizko findegiak.

«Energia jasangarriaren sorkuntzaren eta energia garbi berria ekoiztearen aldeko apustua modu argi eta irmoan bultzatzea da Albaren helburua, Repsolek eta Petronorrek ezarritako ibilbide orriaren arabera. Bide horretan, berrikuntza eta teknologia giltzarrizkoak izango dira trantsizio energetikorako».

Alba filialak lau arlo jorratuko ditu, oraingoz. Horietako bat da erregai sintetikoena. Erregai sintetikoak egungo erregaiak (gasolinak, gasolioak eta kerosenoak) ezdeusaren pareko karbono aztarnarekin ordezkatzeko gai diren erregai likidoak dira, eta bateragarriak dira egungo ibilgailuen motorrekin. Erregai sintetikoen proiektuak 58 milioi euro inguruko inbertsioa ekarriko du lehenengo fasean, eta egundoko aurrerapausoa izango da nekez elektrifika daitezkeen sektoreak deskarbonizatzeko: distantzia luzeko garraioa, itsasokoa eta airekoa).

Bioerregaiei dagokienez, Bilboko portuan instalatuko den bioerregaien lehen proiektuan, 29,2 milioi euroko inbertsioa egingo du Petronorrek lehen fasean, eta gasa sortuko da hiri hondakinetatik abiatuta.

Hidrogenoaren saskian arrautza asko jarri ditu Petronorrek. Horrela, hidrogeno berriztagarria elektrolisi bidez hiru fasetan ekoizteko instalazio bat martxan jarriko du, 112 megawatteko potentziarekin. Horrez gain, hidrogenoa hondakinetatik eta biomasatik abiatuta ekoizteko ere lan egingo du. BH2C Hidrogenoaren Euskal korridorea ere bultzatzen ari da enpresa, eta haren helburua da hidrogeno berriztagarriaren erabilerak sortzea, industria deskarbonizatzeko, mugikortasunaren arloko erabileretarako, eta erregai sintetikoak eta bioerregaiak ekoizteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.