argindarra

Piztu garbigailua goizeko hiruretan

Gaurtik aurrera, argindarra ordu bakoitzeko prezioaren arabera ordainduko dute Hegoaldeko milaka etxetan. Aurrezpena kontsumo ohituren araberakoa izango da.

Arropa lehortzen Errekaleor auzoan, Gasteizen. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2015eko urriaren 1a
07:28
Entzun

Jantziak goizaldeko hiruretan garbitu, oilaskoa labean seietan sartu eta konputagailua iluntzeko zortzietan itzali. Horixe da formula magikoa argindarraren fakturan zentimo edo euro gutxi batzuk aurrezteko. Izan ere, gaurtik aurrera, Hego Euskal Herriko dozenaka mila etxetan kontsumitzen den argindarra ordu horretan duen prezioaren arabera ordainduko da. Horrek aukera ematen die herritarrei elektrizitate kontsumoa prezioetara egokitzeko. Normalean, argia merkeagoa da gauean eta goizean, eta garestitu egiten da egunak aurrera egin ahala.

2014. urtearen hasieran Espainiako Gobernuak indarrean jarritako argindarraren erreformaren ondorioa da tarifikazio sistema berria. Ordura arteko enkantearen sistema bertan behera utzi zuen Madrilek, elektrizitatearen prezioa puztu egiten zuelako. Kontsumitzaileen elkarteen arabera, 2014 aurreko hamar urteetan %76 garestitu zen. Gastua prezio errealarekin parekatzeko sistema ezartzen hasi zen. Urte eta erdi iraun duen trantsizio epe batean, argindarrak bi hilabeteko epean zuen batez besteko prezioa ordaintzen aritu dira Hego Euskal Herriko familiak. Behin-behineko sistema horrek indarrean jarraituko du kontagailu adimendunik gabeko etxeetan. Ordukako sistema uztailaren 1ean jarri zen indarrean, baina argindar konpainiek hiru hilabeteko epea izan dute sistemak egokitzeko.

NORI EZARRIKO DIOTE ORDUKAKO TARIFA?
Fakturazio sistema berria baliatzeko bi baldintza bete behar dira. Batetik, herritarra merkatu arautuan izatea, Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioa izenekoan. Hamar kilowatt orduko potentzia edo gutxiago kontratatua dutenentzat da hori. Egun, etxe gehienek erabiltzen dutena, hain justu. Bestetik, kontsumoa orduka zenbatzeko gai den kontagailu adimendun bat behar da, konpainien sarera konektatuta.

ZER DA KONTAGAILU ADIMENDUNA?
Argindar kontsumoa orduka neurtzeko gaitasuna duen kontagailu bat. Azken urteotan kontagailu zaharrak ordezkatzen aritu dira konpainia elektrikoak, baina artean ez da etxe guztietara iritsi. Hego Euskal Herrian argindarra banatzeaz arduratzen den konpainiak, Iberdrolak, ziurtatu du gutxienez 800.000 jarri dituela Araban, Bizkaian, Gipuzkoa eta Nafarroan. Guztira, 1,6 milioi kontagailu inguru ditu. Berritze prozesua 2018rako behar du.

MERKEAGOA IZANGO AL DA ARGINDARRA?
Bai eta ez. Norberaren kontsumo ohituren araberakoa izango da hori. Edonola ere, desberdintasunak oso txikiak izango dira, euro gutxi batzuk bi hilean behin iristen den fakturan. Garbigailuan, esaterako, prezio handieneko eta txikieneko kontsumoa egitearen arteko aldea 70 zentimokoa izango zela kalkulatu dute. Makina hori kontsumoaren %8 inguru da (%16 argia, %14 hozkailua, %10 telebista...).

ZERGATIK EZ DA ALDE HANDIRIK IZANGO?
Argindar kontsumo erreala fakturaren zati bat baizik ez delako, %37 gutxi gorabehera. Beste %38 kostu finkoak dira, eta %25 zergak. Kostu finkoen artean daude argindarraren banaketaren kostuak, energia berriztagarriek jasotzen dituzten sariak, hondakin erradioaktiboak tratatzekoak, tarifaren defizita estaltzeko kalte-ordainak, Espainiako ikatz meategiek jasotzen dituzten laguntzak, eta Balearretara eta Kanarietara argindarra eramatearen gainkostuak.

ZER EGIN BEHAR DA GUTXIAGO ORDAINTZEKO?
Gastua gauerditik eguerdira egin, ekaitz baten ondorengo egunean ahal izanez gero. Normalean, prezioek gora egiten dute etxeetako kontsumoa handitzen den orduetan —14:00etatik 23:00etara—, eta behera besteetan. Halaber, haize handiko egunetan merkeagoa izan ohi da, parke eolikoek eskaeraren zati handi bat betetzen dutelako eta horrek erregai kosturik ez duelako. Baita euri handiko egunetan ere, zentral hidroelektrikoen ekoizpena handitu egiten baita.

NOLA JAKIN DAITEKE ZER PREZIO IZANGO DUEN?
Argindar sarearen jabeak, Red Electricak, hurrengo eguneko ordu bakoitzeko prezioa 20:15ean jakinaraziko du helbide elektroniko honetan: http:// www. esios.ree.es/web-publica/pvpc/. Grafikoan hiru prezio ageri dira: 2.0.A (tarifa lehenetsia), 2.0. DHA. eta 2.0. DHS. Lehenengoak du gorabehera gutxien: atzo, esaterako, 0,12615 euro kw/h zen ordurik garestiena (09:00) eta 0,11138 euro kw/h merkeena (00:00). Beste bi tarifak —eguna bi edo hiru zatitan zatitzen dutenak— dira interesgarrienak kontsumoa moldatzeko aukera eta asmoa dutenentzat, tarte handia baitago gauerditik 13:00etara (0,06 eta 0,07 euro artean kw/h) eta 14:00etatik 23:00etara (0,14 euro kw/h).

BESTE FAKTURA MOTARIK BA AL DAGO?
Bai. Orduko hamar kilowatteko potentzia baino handiagoa kontratatua dutenek (etxe handiek edo saltokiek) ezin dute tarifa arautua baliatu, eta ezinbestean merkatu liberalizatuan kontratatu behar dute argindarra. Garestiagoa izan ohi da, baina argindar konpainiek eskaintzak egiten dituzte bezeroak erakartzeko. Azkenaldian argindar prezio finkoak eskaintzen ari dira konpainiak, baina ekoizpenaren kostuen gorabeheretatik babesteko, prezio handiagoak eskatzen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.