PLAZER BAT IZAN DA

2012az geroztik, ekoizten den kakao kantitatea baino gehiago jaten da munduan. Txokolate sektoreko erraldoiek iragarri dute 2020an gozo beltza jateko arazoak izan daitezkeela, milioi bat tona kakaoko defizita izango delako. Txinan asko ari da hazten kontsumoa, eta kakaoaren prezioa ere gora doa.

PLAZER BAT IZAN DA.
Jon Fernandez.
2014ko azaroaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gure ahalmenen gainetik ari gara jaten txokolatea. Alarma guztiak piztu dituzte txokolategintzaren munduko bi erraldoiek, AEBetako Marsek eta Frantzia eta Belgikako Barry Callebautek: 2012az geroztik munduan ekoizten den kakaoa baino gehiago jaten da. Txokolate defizita urtetik urtera pilatzen ari da gainera, eta kontsumoaren gorako joera geldiezina da, batez ere Txinan ere produktuari gustua hartu diotenetik. Txokolatearen apokalipsiari data ere jarri diote: 2020an milioi bat tonako txokolate eskasia izango dela azaldu dute. Iaz, dagoeneko, ekoitzitakoa baino 70.000 tona kakao gehiago jan ziren, eta 2030ean bi milioi tonaraino irits daiteke defizita. Alegia, gehiegi direla txokolatearen plazera deskubritu dutenak, eta horrek zuzenean eragin diezaioke prezioari. Igarri da jada. Iazko otsailetik joan den urrira ia %33 garestitu da kakaoa nazioarteko merkatuetan. Luxuzko produktu bihurtzeko bidean da txokolatea?

Euskal txokolategileek ez dute alarmismorako arrazoirik ikusten oraingoz, baina aitortu dute epe luzera ziurrenik garestitu egingo dela txokolatea. Bi dira kakaoaren merkatua balantzaka jar dezaketen faktoreak: batetik, mundu osoan igotzen ari den kontsumoa (bereziki Txinan), eta bestetik, eskari horri erantzuteko adina ekoizpen mailara ez iristea. Oraindik orain, Europa mendebaldea da munduko txokolate jale porrokatuena: Suitzak du munduko kontsumorik handiena, 9 kilogramo pertsonako urtean —Euskal Herrian 4,5 da batez besteko per capita kontsumoa—. Ipar Amerikak gertutik jarraitzen dio Europari. Baina Asian kontsumoa ikaragarri haztea espero du Euromonitor International merkatu ikertzaileak. Datozen bost urteetan, %23 igoko da kontsumoa asiarren artean. Aldi berean, Ipar Amerikan %8,3 igoko da, etaEuropan %4,7.

«Sinple esanda, ez da jasangarria», ohartarazi zuen 2012an Fiona Dawson Mars konpainiako Londresko arduradunak. Iragarpen gordina egin zuen duela lau urte Ghanako Natura Babesteko Ikerketa Batzordeko zuzendari John Masonek ere: «Hogei urtetan txokolatea kabiarraren parekoa izango da. Hain arraroa eta garestia izango da, herritar arruntak ez dira gai izango erosteko». Ghana da munduko bigarren kakao ekoizle nagusia.

Hain zuzen, Afrikan ekoizten da munduko kakao ekoizpen osoaren %70 inguru: Boli Kostak bakarrik iazko produkzio osoaren %36,3 egin zuen, eta Ghanak %21,5. Produkzioak, halere, baditu mehatxu batzuk: eguraldiaren lehortze orokorra Afrika mendebaldean eta ebolaren izurriaren eragina —Boli-Kostan mugak itxi dituzte ebolaren beldur, eta kakoa biltzeko eskulan arazoak sor ditzake—, eta hondo batek moniliosi gaixotasuna eragin du Latinoamerikako kakao arbola askotan. ICCO Kakaoaren Nazioarteko Erakundearen ustez, munduko produkzioaren %30-%40 inguru gal daiteke izurri horregatik.

Gainera, WCF Munduko Kakao Fundazioaren arabera, munduko kakao plantazioen %80 eta %90 artean ekoizle txiki edo familiarrak dira. Ekoizpen eta bilketa teknika modernoak ezartzea zailtzen du horrek WCFren ustez. Gainera, ingurumena aztertzeaz arduratzen den AEBetako Earthwatch Institutuko Thomas Dietschen esanetan, aldaketa klimatikoaren eta izurriteen ondorioz, ekoizle txiki askok nahiago dute beste lehengai batzuk ekoitzi, errentagarriago zaielako: gero eta eskari handiagoa duten bioerregaientzako palma olioa adibidez. Palma olioa, kakaoa bezala, herrialde tropikaletan ekoizten da.

Asiarren zaletasuna

Plazer bat izan da txokolatea edozeinen eskura dagoen produktu arrunt bihurtu izana eta hartaz gozatu ahal izatea. Mars eta Barry Callebauten iragarpenak betetzen badira, ordea, baliteke hamarkada gutxi barru txokolaterik puruena gutxi batzuen gozamenerako soilik izatea. Edo soilik une berezietarako produktu garestitzat geratzea.

«Oraingoz, ez dugu hornidura eskasia arriskurik ikusten, baina horixe esaten da sektorean, luxuzko produktu bihurtuko dela», aitortu du Marie-Claudine Maudetek, mende eta erditik gorako ibilbidea duen Baionako Cazenave txokolate etxeko jabeak. «Prezioak igotzen ari dira, bai, baina oraingoz ez dugu ezer berezirik igarri». Tolosako (Gipuzkoa) Gorrotxategi txokolategileek, berriz, nabari dute kakaoaren azken urteko %32,8ko garestitzea: %15 inguru garestitu zaie produkzioa, baina ez dute igoera hori produktuaren prezioan islatu. Euren gain hartu dute zama, Elizondoko (Nafarroa) Malkorra gozotegian eta Iruñeko Pedro Mayo txokolategileenean azaldu duten bezala. «Gure irabazi tartea estutu dugu. Krisi garaian ezin dugu bezeroa gehiegi estutu», onartu du Pello Alaña Malkorrako jabeak.

«Beldurra, produkzioan ez, Txinaren zaletasunean dago. Oso kontsumo txikia dute, baina beldurra dago txokolate gehiago jaten hastean prezioak bat-batean gora egingo ote duen», Rafa Gorrotxategiren ustez. Egia da kontsumo txikia dutela txinatarrek: geroz eta txokolate gehiago erosten dute, baina oraindik europarren kontsumoaren %5era ozta-ozta iristen dira. Txinan, 200 gramo txokolate per capita jaten dute urtean; Europan, ostera, lau kilo inguru.

«Txinatarren kontsumo masiboa oraindik ez da hasi, asteburu hau igaro arte, ikusiko duzu. Txinako Txokolatearen Azokan Pedro Mayo probatzen duten arte. Orduan boom bat izango da», dio barre artean Javier Blazquez txokolate marka nafarraren jabeak, Asiarako hegazkina hartu aurretik. Umorez hartu beharra dagoela dio. Baina bromak alde batera lagata, azaldu du garrantzitsua dela nazioarteko azoketan izatea, beti ezagutzen delako norbait merkatuan sartzen lagun dezakeena. Nolanahi ere, Pedro Mayok, gainontzeko euskal txokolategileek bezala, oso gutxi saltzen du nazioartean: Txinan pixka bat, Erresuma Batuan, Frantzian eta Portugalen. «Errusiara esportatzeko prest geunden, adibidez, baina Brusela eta Moskuren arteko betoarekin huts egin digu».

Asiarren zaletasun gero eta handiagoa zuzenean nabari duela azaldu du Cazenaveko Maudetek. «Bezero japoniar ugari ditugu, asko gustatzen zaie txokolatea». Ez omen dago Baionako txokolategian japoniarren bat sartzen ez den egunik. «Japoniako prentsan ere agertu izan da Cazenave, ezagutzen gaituzte. Euskal Herrira etortzen dira turismoa egitera, eta txokolategitik pasatzen dira. Batez ere, txokolate beltzeko tabletak erosten dituzte eramateko, eta tokian bertan edateko txokolatea hartzen dute argazkiak atera bitartean». Cazenavek ere ez du esportaziorik ia-ia, baina Internet bidez eskatutako bezeroei saltzen die, eta produktua bidali. «Oraintsu txokolate asko erosi digu Japoniako konpainia batek. Urtarrileko Tokioko azokan gure marka han izango da».

Esnedunetik beltzera

Gorrotxategiren ustez, baina, kakaoaren balizko eskasiaren arrazoi bakarra ez da soilik txinatarren kontsumo igoera. Oro har,munduko bazter guztietan ari dira txokolate gehiago jaten, baina are garrantzitsuagoa da txokolatea jateko modua aldatzen ari dela. «Orain arte saldu den txokolatearen %75 txokolate esnedunaizan da; baina, orain, jende gehiago ari da jaten txokolate beltza». Aldea nabaria da, txokolate esneduneko tableta batean %30 baino ez baita kakaoa; txokolate beltzaren kasuan, aldiz, %70. Tolosako txokolategilearen ustez, gero eta gehiagok jotzen dute beltzera, «produktu on eta osasungarritzat hartzen delako». Haren iritziz, horixe da arazo nagusia, jendea beltzera ari dela aldatzen, eta horrek kakao bikoitza erabiltzea eta ekoiztea eskatzen duela. «Beltzak gora egiten duenean, lehengaia hobeto zaindu behar da, eta prezioak gora egiten du».

Fenomeno berria da, Gorrotxategiren ustez, munduan herrialde bakarra baita txokolate beltza esneduna baino gehiago jaten duena: Frantzia. «Gainontzeko tokietan, ez zaie horrenbeste inporta kakao oso ona izatea, esnedunaren zaleagoak direlako. Esneak eta azukreak asko disimulatzen du». Gorrotxategiren ustez, euskaldunak ere txokolate beltzaren zaleagoak dira, Frantziaren eraginez. Malkorrako Alañak ere nabari du aldaketa bere salmentetan. «Betidanik egin izan dugu txokolate esneduna hurrekin, bizi guztikoa. Oraindik horixe saltzen da gehien, baina pare bat urte barru aurre hartuko dio txokolate beltzarekin eta hurrekin egindako tableten salmentak. Osasuntsuagoa dela diote, baina nik nahiago dut bizi guztikoa».

Monopolioaren beldurra

Nolanahi ere, kontsumo joerek, ekoizpenak eta prezioak baino gehiago arduratzen ditu euskal txokolategileak beste gai batek. «Urte gutxi barru, merkatua erabat monopolizatuta egongo da», Gorrotxategiren hitzetan. «Enpresa handi bat dago, Frantzia eta Belgikakoa, munduan ondo doazen txokolate enpresa eta kakao-sail guztiak erosten ari dena. Munduko ekoizle nagusia da». Tolosako txokolategileek ekoizle horri, Barry Callebauti, erosten dio materialaren zati bat. «Orain, talde nagusia da; baina hamar urte barru, nahi duten prezioa jarriko dute merkatuan. Lau ekoizle txiki geratuko dira, baina eurek markatuko dute prezioa». Kakaoa erostean «beti espekulazioaren menpe» daudela kexu da Pedro Mayoko Blazquez ere, «eta hor txikiok ez dugu indarrik».

Munduko kakaoaren bi heren Afrikak ekoitzi arren, prezioa ez da ezartzen ez Boli Kostan ez Ghanan, Herbehereetan baizik. «Herbehereetako burtsan erosten da Afrikako kakoa —esan du Gorrotxategik—. Kakao biltzaile eta ekoizle txikiak diru gutxirekin geratzen dira. Bitartekariak eta enpresa handiak geratzen dira diruarekin; biltegi handietan gordeta dute kakao pila, prezio gorabehera handiak daudenerako».

Gorrotxategik gogoratu du Txina indarrez ari dela sartzen Afrikan beste hainbat inbertsiotan, eta txinatarrak ez direla «inozoak». «Kakaoa behar badute, eta Afrikan badaude, hor esku har dezakete». Nolanahi ere, mundu osoko marka handiak lanean hasita daude produkzioa handitzeko bide berrien bila. Bloomberg finantza zerbitzuen konpainiaren arabera, normalean baino zazpi aldiz kakao gehiago ematen duen CCN-51 kakao-arbola mota berri batekin esperimentatzen ari dira Ekuadorren, eta antzeko probak egiten ari dira Afrika erdialdean ere. Halere, onartu dute zaporea ez dela kakao naturalaren berbera. Kakao transgenikoak oreka dezake txokolate defizita? «Etorkizunean horretara iristen badira, txokolatearen kalitatea txikituko litzateke, eta zaporea aldatuko. Kimikaz betetako tomate bat ala baserriko bat jatea bezala izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.