Podemoseko zuzendaritzaren aurka agertu da alderdi bereko Antikapitalistak ildoa. Alderdiaren Andaluziako idazkari nagusi Teresa Rodriguez eta Miguel Urban eurodiputatua buru dituen taldeak bat egin du urtarrilaren 30rako Euskal Herrian deitu den greba orokorrarekin, eta estatu guztian mobilizatzeko deia egin dute.
«Nahitaezkoa da gobernu berriari berehala exijitzea bertan behera uzteko 2011ko eta 2013ko erreformetan onartutako pentsioen murrizketak», adierazi dute komunikatu baten bidez. PPren gobernuak martxan jarritako lan erreformak baliogabetzeaz gain, nabarmendu dute Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialista presidente zela onartutakoa ere indargabetu behar dela: «Beharrezkoa da lan harremanetarako marko berri bat, non langile klasearen eskubideak gailenduko diren».
Rodriguezek aurreko astean ere argiki adierazi zuen bere ikuspegia, eta nabarmendu Espainiako Gobernuan egotea ezin dela aitzakia izan grebarako deiaren aurka egiteko: «Noski mobilizazio sozialak sortu behar direla, baita gobernu honek sinatutako konpromiso eskasak bete ditzan ere». Bide beretik, Urbanek Frantziako protesta eredua azpimarratu du: «Pentsioak defendatu egiten dira, gobernatzen duenak gobernatzen duela».
Podemosen ildo antikapitalista oso kritiko agertu zen alderdiak Espainiako Gobernuan sartzeko erabakia hartu zuenean ere, PSOErekin koalizio gobernua adostuta. Greba orokorrarena, beraz, ildo ezberdinen arteko talkaren beste adibide bat da. Izan ere, Ahal Dugu-k behin eta berriz nabarmendu du ez duela greban parte hartuko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusi Lander Martinezek adierazi zuen grebak «kezka» eragiten diola, «sektore batzuek» hura «hauteskunde asmoekin» erabili nahi dutelako.
Mobilizazioak han eta hemen
Euskal Herriko greba orokorrari babesa adierazteko, mobilizazioak egingo dira estatuko hainbat puntutan. Madrilen eta Bartzelonan manifestazioetara deitu dute biharko. Andaluzian, esaterako, Sevillan, Malagan eta Granadan mobilizatuko dira; besteak beste, SAT, CNT eta USTEA sindikatuek eta beste hainbat eragilek deituta, tartean Antikapitalistak.