Etxaideren arabera, Jaurlaritza berria aurrekontuen bidez hasi daiteke politika ekonomiko eta soziala aldatzen. Baina ez du uste egingo duenik. "Entzun ditugu ahaleginak eskatzen funtzionarioei, baina ez enpresaburuei". Iñigo Urkulluk aipatu dituen "gainditu ezinezko marra-gorriei" ere ez die sinesgarritasun handirik eman LABeko idazkari nagusiak. "Krisian marra gorri guzti-guztiak zeharkatu dituzte. Azkena pentsioekin".
EAEko gobernu berriaren lanetako bat izango da bere langileen aparteko sariaren auzia kudeatzea. Etxaidek uste du borondate politikoaren menpe dagoela sari hori ematea, eta ez Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren menpe. "Ezin da autogobernuaz hitz ere egin baldin eta soldata bat pagatzeko gai ez bazara. Plantoaren eztabaida behingoz egin beharko da".
Euskal Herria "salbuespen egoeran" dagoela uste du LABek, "inoiz ikusi ez diren" datu ekonomiko kaskarrekin. Baina gaur egungo politika ekonomiko eta sozialekin jarraituz gero egoerak okerrera egingo duela iruditzen zaio sindikatu abertzaleari. Horregatik, "eredu ekonomiko, sozial eta politiko propio baterako trantsizioa" hasi behar dela ziurtatu du Etxaidek. Hiru ezaugarri izan behar behar ditu trantsizio horrek. "Interes desberdinak dituztenen" arteko akordio zabala izan behar du, onartutakoa indarrean jartzeko bitartekoak jarri behar ditu, eta herritarren eskubide sozialak bermatzu. "Bestela ez daukagu krisitik irteterik. Prekarietatea eta pobrezia areagotzea ez da irtenbidea". Politika desberdinak egin daitezkeela sinisten du LABek, eta zenbait neurri zehatz proposatu ditu: lanaldia murriztea, aparteko lan orduak debekatzea, alokairu sozialak zabaltzea, eta soldatak eta gizarte laguntzak igotzea "barne eskaria handitzeko".
Trantsizio horren bidean, 2013an "orain artekoak baino akordio sozial zabalagoak" lortzeko erronka jarri dio LABek bere buruari. Bilera sorta bat hasiko dute orain eragile sozial eta ekonomikoekin, baina ez, ordea, alderdi poltikoekin.