Poliziak indarrez sakabanatu ditu Jaka Horien mugimenduko manifestariak

Erregaien prezioen igoera salatzeko manifestazioa zuten antolatua Parisen, baina Poliziak ez die utzi Gobernuaren egoitzara gerturatzen. Zenbait iturriren arabera, pertsona bat atxilotu dute.

Frantziako Polizia eta Jaka Horien mugimenduko kideak, aurrez aurre. CHRISTOPHE PETIT TESSON, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko azaroaren 24a
08:17
Entzun

Istiluak izan dira berriro ere Jaka Horien manifestazioan. Protesta Eliseoaren aurrean amaitzea zuten helburu, baina Frantziako Poliziak bidea moztu die, eta negar gasa eta ur kanoiak erabilita sakabanatu ditu manifestariak. Agintariek Parisko hainbat metro geltoki ere itxi dituzte.

Barne Ministerioaren datuen arabera, 8.000 lagun inguru batu dira Parisen erregaien prezioen igoera salatzeko. Ordea, herrialde osoan deitu dute protestara. Hainbat tokitan errepideak moztu dituzte.

Emanuel Macron presidentearen gobernuak eskuin muturrari egotzi dio istiluen erantzukizuna, eta salatu du haien jarraitzaileak "sartu" dituztela manifestarien artean "giroa gaiztotzeko asmoz". Christophe Castaner Barne ministroak sare sozialetan gogorarazi du Marine Le Pen eskuin muturreko buruzagiak eskatu ziela Jaka Horiei Eliseoraino joateko.

Frantziako Estatu osoan ari dira protestan hainbat herritar, jaka horiak jantzita, erregaiaren prezioaren igoera dela eta. Euskal Herrian ere izan dira mobilizazioak. Mobilizazioak azaroaren 17an hasi zituzten estatu osoan. Joan den larunbatean, esaterako, 287.000 pertsona bildu ziren protestetan.

Datorren urtarriletik aurrera gasolinaren prezioak 2,9 zentimo egingo du gora, eta dieselarenak, berriz, 6,5 zentimo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.