Krisia eurogunean. Merkatuen erantzuna

Portugalek baino garestiago saldu du Espainiak bere zorra

Trukean interes handia eman behar izan badu ere, Altxor publikoak 3.000 milioi euro bildu ditu merkatuetatik

Ivan Santamaria.
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Finantza merkatuetan lehen proba gainditu zuen atzo Espainiako Gobernuak, joan den astean bankuentzat Europaren erreskatea onartu ondoren. Enkantea ez zen azken asteotako nahasmenetik libratu, eta erosleei interes handia eskaini behar izan zien Altxorrak diruaren truke. Albiste guztiak ez ziren txarrak izan, hala ere, gobernuak ezarri zuen helburua betetzeaz gain, eskaera indartsua izan zuelako enkanteak.

Espainiaren zor publikoak jopuntuan jarraitzen du. Hamabi hilabeterako letren truke %5,2ko interesa emateraino iritsi zen Altxorra. Salmentaren batez besteko interesa %5,07 izan zen. Orain dela hilabete bat %2,9 ordaindu zuen, epe berdinerako. Joan den azaroan ere antzeko interesa eskaini behar izan zuen gobernuak, Europako Banku Zentralak finantza erakundeei likidezia helarazteko neurriak hartu baino lehen.

Merkatuen mesfidantza agerian uzten du Portugalek interes gutxiago (%3,8) ordaindu zuela orain dela bi aste epe berdinarekin saldutako zorraren truke. Laburrera begirako zorrari dagokionez, Espainiaz baino gehiago fidatzen dira uneotan inbertitzaileak Portugalez.

Gauza bera gertatu zen hamazortzi hilabete barru itzuli beharreko letrekin ere. Interes marjinala —gehienez ordainduko den interesa— %5,35ekoa izan zen. Batez besteko interesak, berriz, %5,1 gainditu zuen, maiatzeko %3,3tik urrun.

Bigarren mailako merkatuetan Espainiaren luzera begirako zorraren truke eskaintzen den interesak goia jo du azken egunetan. Espainiako bankuei eman beharreko erreskateak eta Greziako hauteskundeen emaitzak ez zuten egoera baretzea lortu. Enkantearen helburua bete izanak, behintzat, apur bat jaitsarazi zuen interesa, baina %7tik gora jarraitzen du. Arrisku sariari dagokionez, egunak aurrera egin ahala behera egin zuen, eta 550 punturen bueltan itxi zuen eguna.

Ekonomia Ministerioak nahiago izan du letren salmentak inbertitzaileen artean sortu duen ikusmina. Helburua 3.000 milioi saltzea zen, eta kopuru hori 93 milioitan gainditu da. Bi epeak kontuan hartzen badira, 8.000 milioi euro erosteko eskaintzak jaso zituen Altxorrak.

Halako interesak ordaindu behar baditu, galdera da gobernua laguntzarik gabe noiz arte finantzatzeko moduan dagoen. Bihar berriro ere merkatuetara jotzeko asmoa du Altxorrak. Bi, hiru eta lau urtera begirako bonuak salduko ditu. 1.000 eta 2.000 milioi euro bitartean lortzen saiatuko da. Gaur egun antzeko bonuen interes marjinalak %5 eta %6 gainditzen du bigarren mailako merkatuetan.

36.000 milioiren faltan

2012. urtean 86.000 milioi euroren zorra saltzea aurreikusita du Mariano Raxoiren gobernuak. Urte hasieran izandako lasaitasuna baliatzen ahalegindu zen, eta honezkero ehun eurotik 59 merkatuan kokatu ditu. Dena den, oraindik ere 36.000 milioi euro finantzatzea falta zaio, giroa zeharo gaiztotu zaion garaietan.

Espainiari zorraren truke geroz eta diru gehiago eskatzen ari zaion bitartean, beste herrialde batzuk kobratzen ari dira, inbertitzaileen babesleku dira. Alemaniaren zorra izatearen truke ordaintzen hasi dira inbertitzaileak, eta atzo bi urteko epea duten bonuak interes negatiboekin saldu zituen Danimarkak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.