Portugalen erreskatea 80.000 milioi euro ingurukoa izango da; hiru urte iraungo du; maiatzaren erdialderako prest egotea nahi dute; onartu eta oposizioko alderdiek negoziazioetan parte hartuko dute; erreskatearen truke Portugalek murrizketa neurri gogorrak hartu beharko ditu, martxoan atzera botatakoak baino gordinagoak; eta hauteskundeak irabazten dituen alderdiak indarrean jarri beharko ditu.
Olli Rehn Gai Ekonomikoetarako komisarioak eman zuen zehaztasunen berri, Europako Batasuneko ekonomia ministroren bileraren ostean, Budapesten. Kopurua zehazteko goiz da, baina 80.000 milioi euro ingurukoa izango dela esan zuen. Litekeena da diru horren zati bat finantza sektorearentzat izatea, kaudimenari eta likideziari eusteko.
Erreskate plana maiatzaren 16rako hitzartu eta onartu nahi dute, Europako Batasuneko eta euroguneko ekonomia eta finantza ministroen bilerarako. Orduan onartuz gero, diruaren lehen zatia ekainerako jasoko du. Horrek esan nahi du Portugalek bere kabuz, merkatuetan, lortu beharko duela dirua apirilean eta maiatzean itzuli behar duen zorra ordaintzeko. Larriagoa da ekainekoa, Portugalek 7.000 milioi euro itzuli behar baititu orduan, eta erreskaterik gabe zailtasun handiak izango baititu diru hori guztia merkatuetan lortzeko.
Erreskatearen zehaztasunak negoziatu beharko dituzte: kopuru zehatzak, epeak... baina negoziazio potoloena erreskatearen truke eskatuko dizkioten murrizketena izango da. Europako Batasuneko ekonomia ministroek jada agindu diote Europako Batzordeari negoziatzen has dadila «zerga egonkortasunerako programa». Beste hitz batzuekin esanda, murrizketa plana.
Quid pro quo garestia izango da Portugalentzat. Baldintza «zorrotzak» jarriko dizkiotela ziurtatu du Jean Claude Junckerrek, euroguneko ekonomia ministroen taldeko presidenteak. Portugalgo Parlamentuan martxoan atzera botatakoak baino gogorragoa izan behar duela gehitu zuen Jyrki Katainen Finlandiako Finantza ministroak: «Bestela, ez du zentzurik norbaiten maileguak bermatzeak».
Aldaketak lan merkatuan
Junckerrek zerga doitze «indartsua», pribatizazio plan «handinahia» eta egiturazko erreforma «sakonak» aipatu zituen, gastuak gutxitzeko eta diru sarrerak gehitzeko. Murrizketen «abiapuntua» martxoan atzera botatako murrizketa plana izango da, laugarrena: besteak beste, 1.500 euro baino gehiagoko pentsioak %5-10 txikitzea; jabetza publikoak saltzea; botiken zati bat ez ordaintzea; gainerako administrazioei diru gutxiago ematea; zergetako kenkariak eta abantailak kendu eta errenta zergak eta sozietate zergak igotzea; eta kontsumo zergak igotzea.
Hala ere, Europak «abiapuntua» baino gehiago nahi du eta lan merkatua aldatu behar duela esan dio. Soldata eta kaleratze merkeagoak funtsean, urteetan soldata eta kaleratze garestiak izatea leporatu baitiote Portugali. Dena den, batez besteko soldata 800 euro ingurukoa da.
Ekonomia ministroek egin beharreko erreformen ostean diote aldaketek eutsi egin behar dietela «herritarren egoera ekonomikoari eta sozialari».
Atzo zehaztu zuten puntu garrantzitsuenetakoa izan zen oposizioko alderdiekin ere negoziatuko dituztela murrizketa neurriak. Izan ere, Jose Socrates sozialistarena jarduneko gobernua da. Oposizioak atzera bota zuen gobernuaren laugarren murrizketa plana eta Socratesek dimisioa eman zuen.
Ekainaren 5ean egingo dituzte presidente berria aukeratzeko hauteskundeak. Portugalen bertan eta Europan zalantzan jarri dute jarduneko gobernuaren zilegitasuna erreskate plana eta murrizketa neurriak negoziatzeko, jakinda ziurrenik galdu egingo dituela hauteskundeak, eta beste alderdi bateko gobernuak kudeatu beharko dituela neurriak. Horixe gertatu zen Irlandan.
CSD oposizioko alderdi nagusia da hauteskundeak irabazteko faboritoa, baina argi bili beharko du, bi rol jokatu beharko baititu: herritarrei begira otsoarena, sozialisten kontra, herrialdea egoera horretara eramateagatik; eta ardiarena, Europako Batasuneko eta Nazioarteko Diru Funtseko ordezkarien aurrean, lehen baztertu zituen murrizketa neurriak eta gehiago onartzeko.
Lankidetza eskaera
EBko ekonomia eta finantza ministroek gobernuari eta oposizioari esan diete murrizketa plana elkarrekin hitzartu behar dutela. Fernando Teixeira dos SantosPortugalgo Finantza ministroak atzo bertan erantzun zien oposizioarekin negoziatu behar duena ez dela gobernua, Europako ordezkariak baizik.
Negoziazio egunek bat egingo dute hauteskunde kanpainarekin, eta herritarrak gero eta haserretuago daude. Sindikatuak jada erreskatearen kontrako greba orokorra prestatzen ari dira, maiatzaren 6rako. Funtzio Publikoko Sindikatuen Federazioak (FNSFP) egin du deialdia. «NDF Portugaldik kanpo nahi dugu», esan dute. Funtzionarioak haserre daude. Soldatak murriztu dizkiete eta erretiro adina atzeratu baitiete, eta murrizketa gehiago espero baitituzte.
Portugalek ekainerako jaso dezake 80.000 milioi euroko erreskatea
Martxoan atzera botatako murrizketa plana «abiapuntua» izango da, baina Europak gehiago nahi du laguntzaren trukeOposizioak negoziazioetan parte hartuko du, eta gobernu berriak plana bete beharko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu