Poza eta kezka batera iritsi dira Basaurira

Jose Luis Bilbaok Edesa berriz bideratzeko proposatutako hiru milioi euroren albistea pozik hartu dute langileek. Hala ere, lantegi kanpoan kanpaldian jarraituko dute lanera itzuli arte, zuhurtziagatik.

Lander Muñagorri Garmendia.
Basauri
2013ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da ohikoa kooperatiba baten atarian kanpaldirik ikustea. Lantegiko jabe ere badirenak, geldirik dauden atoien ondoan lo egitea enpleguaren alde. «Ez da ohikoa, ez, baina ezin ginen geldirik geratu». Ernesto Perez Edesako langilea da, eta bere lankideekin batera, astelehenetik dago enpresaren atarian. Eta horrela jarraituko dute lantegia berriro ere martxan jartzen ez den bitartean. «Albiste ona jaso dugu, baina lanera itzuli behar garela esan arte hemen jarraituko dugu. Egoera nola aldatu daitekeen ikusteko, eta Fagorreko gure lankideekin elkartasuna adierazteko».

Basauriko Edesa Fagor Etxetresnen barruan dago, eta hartzekodunen konkurtsoaren aurrekoa kenduko ote zaion aztertzen ari da Arrasateko (Gipuzkoa) kooperatiba. Izan ere, asteazkenean Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak egoera hori ekiditeko hiru milioi euroko bermea proposatu zuen, baina Fagorrek oraindik ez du ontzat eman. Beraz, momentuz Edesa oraindik ez dago «salbatuta». Langileek, ordea, pozez hartu zuten Bilbaoren proposamena, eta cavarekin ere ospatu zuten, atzo goizean kanpaldiko zaborrontzietako batean ikusi zitekeen moduan.

Pozak, ordea, ez zuen luzaroan iraun, Arrasateko lankideen egoera zein izango zen jakitean animoak «jaitsi» zitzaielako berehalakoan. «Errusiar mendi baten gisan egon ginen asteazken iluntzean». Bilbao bera ere inguratu zen Edesako lantegira, albistearen berri pertsonalki ematera. «Ez dut uste inoiz lantoki batean politikari baten agerraldia horren txalotua izango ote zen», zioen atzo goizean kanpaldiko behargin batek irri artean. Baina horretarako arrazoirik bazen, Perezen ustez: «Ideologiak alde batera utzita, politikari batek erakusten badu bere diskurtsoa mantendu duela, eta bere ekintzetan koherentea dela, hori ez da zertan gaizki ikusi behar». Are gehiago, Fagorren bideragarritasunean sinesten dutenei berdina egitea eskatu zien.

Epe motzerako irtenbidea

Asteazken gaueko poza kezka eta mesfidantza zen atzo goizean. «Oraingoz irekita jarraituko du lantegiak, bai, baina zer gertatuko da etorkizunean? Egoerak okerrera egiten jarraitzen badu, nola egongo gara? Fagorrek gurekiko harremanak hautsiko ditu?». Jose Sanchez langileak kezka ugari zituen, eta erantzunik ez oraindik. «Ez dugu informaziorik jaso». Atzo bertan Kontseilu Errektoreko kideekin bilera izan zuten, eta hor ere ez zioten etorkizunari buruz xehetasunik eman. «Oraindik ez daukagu eperik noiz itzuliko garen lanera jakiteko ere», Perezen esanetan. Izan ere, Edesa eta Fagorreko Kontseilu Errektoreak oraindik batzartu gabe zeuden atzo, eta iluntzean Fagorrek egindako jakinarazpenarekin itzuliko diren ere zalantzan geratu zen.

Sanchezen zuhurtzia hitzak eskarmentuarenak ere baziren. Izan ere, duela 24 urte Edesak izan zuen krisia bertatik bertara bizi izan zuen berak. Horregatik, ez du berehalakoan sinetsiko oraingo porrota gainditu denik. «Hiru urtez kalera bota gintuzten, gero berriz itzultzeko hitzarekin. Eta hala izan zen arren, gai hauekin zuhurra izan behar da», zioen. Eta horretarako arrazoirik ere badu. «Etxeko diru iturri bakarra naiz, eta bertan emaztea, alaba eta ordaindu beharreko hipoteka bat dauzkat». Arrazoi horregatik ere pozik zegoen, lanean jarraitzeko aukera izan dezakeelako etorkizunean.

Hitz horiek esatearekin batera furgoneta bat iritsi zen itxitako lantegiaren atarira. Enpresako elikagai eta edarien hornitzailea zen. «Atzo [herenegun] ere janaria eta ura ekarri ziguten, eurak ere geldi daudelako Edesak ekoizten ez duen bitartean. Elkartasun keinu bat da», zioen Perezek. Eta hala egin dituzte azken egunak kooperatibako langileek ere, taldeetan, eta protesta eremu ezberdinetara eramanez. Sare sozialak kudeatzen, manifestazioak deitzen, kamisetak egiten eta abar. «DNAn daramagu lan egiteko modua. Ez dugu pneumatikorik erreko, gure gurasoek bezala, baina gure moduan egin dugu protesta». Eta hala jarraituko dute lanera itzuli arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.