Bezperan, Athleticek eta burtsak poztu zuten Bilbo. Baina errotik moztu zen errebotea, eta giroa nabarmen hoztu zen: EBZ epaileak %0,5eko jaitsiera onartuta ere, 7.000 puntuen langa galtzear da Ibex-35 (-%4,51). Urtean %24 galdu du jada SIBEko indize nagusiak. Atzo bertan, %10etik gorako galerak izan zituzten Mapfrek, Grifolsek, OHLk, Abengoak eta Gamesak; guztiak ere, eskari egonkor samarra duten zerbitzu enpresak dira. Baina %7na pasa galdu zuten bi banku handiek eta Popularrek; %6,48 amildu zen Banesto, eta %2,03 argaldu zen Edurnezuri ahalguztiduna ere. Burtsan ez da giro: jendeak sosak nahi ditu, ez akzioak. 2.418 milioiren salerosketa aipagarria izanik ere, euren sektoretan txapeldun izandako bi erraldoi (ohi?), General Motors eta Citibank, hondoa jotzear ziren AEBetan. Eta Erresuma Batuan, %0,5era jaitsi ditu interes tasak Ingalaterrako Bankuak, enpresen zorra erosten hastera doala iragartzeaz bat (200 mila milioi).
Gamesa. Gamesa (-%10,41) adibide hartuta. 36 eta 8,5 euro artean izan da Arabakoaren akzioa azken 12 hilabeteetan. Minimoan da orain, noski. Enpresaren balioa, iazko mozkinak halako 6,5 baino ez da. Aurten espero diren mozkinak halako 10 balio du enpresak gaur, interes tasak %1,5ean dauden honetan. Maileguak lortu edo berritzeko arazoak izango balitu ere, enegia berriztagarrietan duen egoerak -negozioaren laurdena ia- ez du zalantzarik eragiten. Akzioa merke dago...; baina merkatuak merkeago egongo den ustea badu, ezin esan gehiago merkatuko ez denik.
Poztu, moztu, hoztu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu