Negoziazio kolektiboa

Precora eraman dute Bizkaiko metaleko ituna LAB eta CCOOk

Herrialdeko itunak indarrean behar duela diote sindikatuek, hitzarmenean jasotako klausula batengatik

Metaleko itunaren aldeko manifestazioa, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Xabiert Martin
2013ko uztailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nor bere aldetik, baina hala LABek nola CCOOk Precora jo dute Bizkaiko metalgintzako hitzarmenak indarrean egon beharko lukeela salatzera. Lan Harremanen Kontseiluko arbitratze erakundean uztailaren 8an indarrik gabe geratu zen itunak klausula bat duela esan dute sindikatuek, eta hark garbi ezartzen duela ituna berritu arte aurrekoan jasotako lan baldintzak aplikatu behar direla.

FVEM Bizkaiko metalaren patronalak herrialdeko hitzarmena indargabetzeko hartu duen erabakiaren aurka azaltzeko elkarretaratzea egin zuen atzo LABek Precoren parean. Patronala «gatazkaren aldeko apustua egin duenez, halaxe izango duela» esan zuen Marieli Urriolabeitia LABeko kideak. Precok gatazka kolektibo hori aztertzeko lana hartu beharko du orain. «Nire etxeko sukaldean sartu dira, ni langile naizen aldetik, eta orain haien etxeko sukaldean sartuko gara», esan zuen Urriolabeitiak. Itunaren ultraaktibitateak ez duela mugarik dio LABek, eta beraz, «legez kanpokoa» dela hitzarmen hori behera botatzea, lan erreformak esaten duena esaten duela ere.

CCOOk ere elkarretaratzea egin zuen atzo Precon, eta bere salaketa jarri zuen, 2008-2011ra doan itunak indarrean behar duela esateko. Javi Gomez CCOOko kideak esan zuen patronalak «giltza» duela «segurtasun juridikoa» berreskuratzeko. «Negoziatu nahi badute prest gaude itun duin bat egiteko».

SEA salatu du LABek Araban

Bizkaian eta Gipuzkoan bezala Araban ere itunik gabe daude metalgintzako langileak, eta SEAk aste honetan egin duen proposamena aurrera ez ateratzearen errua LABena dela esan du patronalak. «Proposamena ez, baina xantaia hutsa izan da SEAk egindakoa», dio LABek. Soldata igoerak apenas eskaini dituela azaldu du eta KPIa alde batera utzita. Malgutasun ordu gehiago nahi zituen SEAk eta 18 hilabeteko ultraaktibitatea. «Onartezina da proposamen hori, ez edukian, ez adosteko eran, ez baita negoziazioa, inposaketa baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.