Hainbat hitzarmen baliogabetuak geratu ziren uztailaren 7an. Balio galtzearekin batera, %475 hazi dira Lan Harremanen Kontseiluaren menpeko Preco arbitratze organoari zuzendutako arbitratze, mediazio eta kontziliazio eskakizunak; guztira 59.312 langileri eragiten dieten 255 eskaera aurkeztu dira eta azken asteotan. Preco-ri zuzendutako eskaerak hitzarmenik gabe geratu diren 248.000 langiletik gora egindakoak direla kalkulatzen du Lan Harremanen Kontseiluak.
Ekainetik aurrera, aurrerapauso garrantzitsua eman da hainbat hitzarmenen kasuan, Lan Harremanen Kontseiluaren dioenez; hala nola sinatutako Arabako ostalaritza hitzarmen sektorialean eta Gipuzkoako garbitzaile publikoen hitzarmenean. Halaber, 284.000 langiletik gora daude hitzarmenik gabe eta beste 432.260 hitzarmena sinatzearen zain daude oraindik orain. Gutxiengoa dira hitzarmena indarrean mantentzen duten 72.424 langileak.
Azken asteotan sinatu diren hitzarmenetan, soldataren %1,1eko igoera adostu da batez beste; %1,55eko igoera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eragiten duten hitzarmenetan eta %0,69ko igoera hiru probintzi horietan ezarpena duten Espainiako hitzarmenen kasuan. Hala ere, soldata igoerak KPIaren igoeratik urrun geratzen dira azken hamabi hiletan bi puntuan igo baitira prezioak.
Lan Harremanen Kontseiluak lanarekin lotutako beste datu batzuk gogorarazi nahi izan ditu. Hala nola, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasa %14,5ekoa dela, 2000 urtean izandako berdina. Bestalde, urteko lehen seihilekoan 1.524 erregulazio espediente aurkeztu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek, iazko epe berean baina %9,8 gehiago. Espedienteek 18.614 langileri eragin zieten zuzenean.