PREKARIETATEA. Legea aldatu eta etxeko langileen «sufrikarioa» amaitu nahi dute

Kontraturik ez eta askok 60 ordu baino gehiago ematen dituzte lanean astero, ELEren arabera

2004ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Etxeko lanetan dabiltzan soldatapeko langileen «sufrikarioa» gaitzetsi, eta lan baldintza «duinak» ezartzeko lege proposamena aurkeztu zuen Bizkaiko Etxe Langileen Elkarteak (ELE) atzo. Langileen %99k ez daukate kontraturik. Erdiei bakarrik pagatzen diete lanbide arteko gutxieneko soldata. Askok «60 ordu baino gehiago» ematen dituzte beharrean astero. Eta etorkinak diren emakumeak «are egoera latzagoan» daude.

ELEk nekez jakin dezake Euskal Herrian zenbat langile ari diren etxeko lanetan, Gizarte Segurantzatik at baitaude hainbat eta hainbat. Dena dela, ikerketa zabala egin du CEAR-Euskadi erakundearekin batera, eta ikerketa horren emaitzak jakinarazi zituen atzo Bilbon.Orain arteko legedia «ezdeusa» dela eta bazterketa «zilegi» bihurtzen duela salatu zuen ELEko aholkulari Isabel Quintanak. Etxeko lanei buruzko kontratu legea «ezabatzeko» eskatu zuen, beraz. Bidezko «lege» bat adosteko irizpideak azpimarratu zituen jarraian.Azaldu zuenez, «kontratu guztiek idatzizkoak behar dute». Beharginak, bestela, ezin daitezkeelako inora joan babes eske. Areago oraindik, Quintanak uste du «gehienez ere» 40 orduko lanaldiak ezarri behar dituela Administrazioak: «Emakume askok astero 60 ordu baino gehiago ematen dituzte lanean, agureak edota gaixoak zaintzen dituzten emakumeek batik bat».Jai egunak izan zituen hizpide ELEko aholkulariak, halaber. Nahitaezkotzat jo zuen gutxienez egun eta erdiko atsedenaldia arautzea, eta egungo egoera zehaztu zuen. «Lanaldi osoz etxe batean lanean ari diren etorkinei kasik ez diete atsedenik ematen. Esklabotza dirudi».

Gizarte Segurantzan izena emateko «erraztasun» eske

Kontratuak eteteko eta Gizarte Segurantzan izena emateko balditzak ere aztertu zituen. «Lan barik geratuz gero, bestelako langileek kalte ordainak jasotzeko dauzkaten aukera bertsuak eduki behar dituzte etxeko langileek. Eta lanean emandako ordu oro kotizatzeko eskubidea aitortu behar diete».

Quintanaren arabera, «langile askok ez dute izena ematen Gizarte Segurantzan euren poltsikotik ordaindu behar dutelako kotizazioa. Langabezia kobratzeko eskubidearekin lotu zuen gizarte babesa, eta adierazi zuen badela garaia pentsioa jaso ahal izateko.«Bereziki larria» iritzi zion etorkinen egoerari. «Etxeko lanetan dabiltza kanpotik etorritako emakume gehienak eta askok ez daukate ezelango eskubiderik, tamalez».ELEk Eusko Jaurlaritzan aurkeztuko du etxeko langileen lan baldintzak duintzeko lege zirriborroa. Eskaerekin bat datoz CEAR eta sindikatu guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.