Prekarietatea salatu dute Euskal Herrian, Langileen Egunean

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk banatuta ospatu dute Maiatzaren Lehena, hiriburu nagusietan.

2007ko maiatzaren 1a
17:34
Entzun
Euskal sindikatuek banatuta eta askotariko leloekin ospatu dute gaur Langileen Eguna. ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk manifestazioak antolatu dituzte Euskal Herriko hiri nagusietan, beharginen eskubideak aldarrikatzeko. Batik bat, denek ere lan munduko prekarietatea salatu dute.

ELAk manifestazioa egin dute Bilbon, 12:15ean, Jesusen Bihotzetik irtenda. Langileak garelako. Klase harrotasuna mezua hautatu du sindikatu abertzaleak, eta "indarkeriarik gabeko subiranismo zibilaren alde" egin du Jose Elorrieta idazkari nagusiak. ETAri "behin betiko" gelditzeko eskatu dio.

Espainiako sindikatuen "bake sozial instituzionalizatua" kritikatu du ELAko buruak, "elkarrizketa sozial horrek Espainiako Gobernuaren politikari babesa emateko besterik ez duelako balio".

Euskal erakunde publikoak "neoliberaltzat" jo ditu Elorrietak.

LABek eskualde guztietara barreiatu du Maiatzaren Leheneko aldarrikapena. Autodeterminazioaz, aldaketa garaia. Euskal Herria gorrira lelopean, eguerdian egin ditu manifestazioak. Donostian Bulebarretik abiatu da, 12:30ean. Iruñean, ordu berean, Autobus Geltokitik; eta Bilbon, 11:30ean, Zabalburutik. Gasteizen, Bilbao plazatik abiatu da, 12:00etan, eta Rafa Diez LABeko idazkari nagusia bertan izan da.

"Aldaketa soziala eta politikoa" eskatu ditu Diezek, "bakerako eta marko demokratikorako bidea egiteko". "Gasteizko eta Iruñeko [gobernuen] politika ekonomiko neoliberak" salatu ditu.

Berdintasunaren alde. Enplegu egonkorra izan da UGT eta CCOO sindikatuek gaur elkarrekin egin duten aldarrikapena. Eguerdian, Donostian Alderdi Ederretik, Bilbon Jesusen Bihotza plazatik eta Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta egin dituzte manifestazioak.

Josu Onaindi EAEko CCOOko idazkari nagusiak Bilboko manifestazioan hartu du parte eta sindikatuek "bat egitea" eskatu du, "ongizatea defenditzeko". Damaso Casado EAEko UGTko idazkari nagusia ere Bilbon izan da. Casadok "elkarrizketa soziala" defenditu du eta negoziazio kolektiboa "blokatuta" dagoela esan du.

EILASek eguerdian manifestazio nazionala egin du; Iruñean izan da. San Lorentzo elizaren aurretik abiatu da, Eskola publikoa langileriaren baliabidea leloarekin. CNTk ere egin du manifestazioa, 12:45ean Donostiako Bulebarretik abiatuta. Deslokalizazioaren aurka, langileon borrokaren globalizazioaren alde aldarria eduki dute.

Iparraldean sindikatuek batera ospatu dute eguna, Lapurdin eta Zuberoan. Baionan, tren geltokian hasi da manifestazioa, 10:30ean, eta Maulen 12:00etan. CGT, UNSA eta FSUren pankartez gain, LABek berea eraman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.