Zorraren krisia. Europa

Presioak presio, erreskateari uko egiten segitzen du Lisboak

Ekainera bitarte behar dituen 9.500 milioi euroak lortzeak bakarrik atzera dezake laguntza eskatzea

2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Geroz eta ataka estuagoan dago Portugal. Parlamentuak gastua murrizteko neurriak atzera bota, eta Jose Socrates lehen ministroak dimisioa eman zuenetik, erreskatea eskatu beste erremediorik ez duela uste dute diru merkatuek. Zorraren errentagarritasuna da horren isla. Atzo, hamar urterako zor bonuen interesa %7,8ra iritsi zen, inoizko mailarik handienera. Gainera, herenegun Fichtek egindako modu berean, Standard & Poor's rating etxeak ere bi koska jaitsi zion zorraren kalifikazioa atzo, BBBra arte. Eta horrek guztiak asko zailduko dio ekainera bitarte behar dituen 9.500 milioi euroak lortzea.

Hala ere, Bruselari eta Nazioarteko Diru Funtsari laguntza eskatzeaz ez du hitz erdirik ere entzun nahi Lisboak. «Portugalek ez dauka erreskate funtsera jo beharrik. Eta irmo jarraituko dut nire herrialdea defendatzen, horren beharrik izan ez dezan». Hala ziurtatu zuen Socratesek atzo, udaberriko Europako goi bileraren amaieran. «Erreskatea eskatzeak badakit zer esan nahi duen, badakit zer esan nahi izan zuen greziarrentzat eta irlandarrentzat, eta ez dut hori nahi nire herrialdearentzat». Egoera edozein dela ere, Portugalek defizita murrizteko konpromisoak beteko dituela baieztatu zuen Socratesek.

Herenegun berehalako erreskatea saihestezina zela uste zuten EBko agintari gehienek, baina, Portugalen jarrera ikusita, bestelako adierazpenak egin zituzten atzo. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearen hitzetan, «Portugalek badu gaitasuna egoera hau gainditzeko eta datozen hilabeteetan behar duen finantzaketa lortzeko; horregatik, konfiantza izan behar dugu». Era berean, dagozkion neurriak hartzeko eskatu zion Portugali, ezinbestekoak izango direlako herrialdearen beraren eta eurogunearen egonkortasunerako.

Portugalen egoera oso korapilotsua izanagatik, epe motzera erreskatea eskatuko duen usterik ez duela adierazi zuen, berriz, Jean-Claude Juncker euroguneko ekonomia ministroen taldeko presidenteak. «Laguntza Lisboako Gobernuak eskatu behar du; ez dagokigu guri urrats hori emateko eskatzea». Herenegun nahikoa garbi utzi zuen, ordea, zein den bere iritzia, Portugal erreskatatzea zenbat kostatuko litzatekeen aurreratuta —75.000 milioi euro—.

Azkenean, baina, Irlandak eta Greziak egin zuten modu berean,diru merkatuek agindutakoa egin beharko du Lisboak ere. Erreskaterik nahi ez izatea ez baita nahikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.