KPI

Prezioak %1,2 igo ziren iaz, pentsioak eta soldata gehienak baino gutxiago

Pentsioak %1,6 handitu ziren, eta lan hitzarmena indarrean duten soldatak, %2tik gora 

Herritarrak erosketak egiten, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 15a
16:05
Entzun

Zenbaki bakar batek interpretazio kontrajarriak izan ditzake. Inflazioarena da horietako bat: Hego Euskal Herrian prezioak %1,2 igo ziren iaz, behar baino gutxiago Europako Banku Zentralaren arabera, baina guztiz balekoa herritar gehienentzat, haien sariak prezioak baino gehiago hazi baitira, eta erosteko ahalmena irabazi baitute. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina hortik gorakoa izan daitekeela pentsa daiteke, erreferentzia gisa hartuta INSEEk Frantziarako emandakoa, %1,5ekoa.

Inflazioak urteak daramatza EBZk egokitzat jotzen duen mailatik behera —%2tik gertu, baina hortik behera—, bai eurogunean, bai Hego Euskal Herrian. Lau lurralde horietan, 2016an baizik ez zen gerturatu banku zentralen nahietara (%1,6), baina, orduz gero, hortik beherako maila batean egonkortu da: %1,1 2017an eta 2018an, eta %1,2 iaz. Are txikiagoa izan zen ekonomia atzeralditik kostata atera nahi zuen urteetan: -%0,8 2014an, eta %0,2 2015ean.  

Banku zentraleko ekonomisten arabera, igoera apal horrek erakusten du ekonomia ez dagoela osasun betean, eta mugak jartzen dizkio bere diru politikaren eraginkortasunari. Baina horri baino norberaren patrikari begiratzen dionak badu beste kezka bat: bere hileroko saria inflazioaren azpitik handitzea, eta, hortaz, erosteko ahalmena galtzea. 2019an gehiengoak ez du izan halakorik Hego Euskal Herrian.

2019ko sariak

Batetik, Hegoaldeko 650.000 pentsiodun ingururi pentsioak %1,6 igo zizkieten 2019ko urtarrilean —ia 700.000 pentsio daude, baina batzuek bi jasotzen dituzte—. Kopuru hori hitzartu zuten PPk eta EAJk, jeltzaleek Mariano Rajoyren gobernuaren 2018ko aurrekontua onartzearen truke, eta Pedro Sanchezek konpromiso hori errespetatu zuen Moncloara iritsi zenean.

Bestetik, indarrean dauden lan itunek %1,2tik gorako soldata igoerak ezarri zituzten iaz. Lan Harremanen Kontseiluak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako emandako azken datuen arabera, indarrean dauden itunek %2,01eko soldata igoera ekarri diete langileei. Gehiago igo dira soldatak 2019an bertan hitzartutako itunetan: %2,31. Hori bai, igoera horiek ez zaizkie itunpeko langile guztiei aplikatu: LHK-k berak dio urriaren amaieran hiru lurraldeetako langileen %15ek hitzarmena iraungia zutela, eta beste %35,8 berritzeko zain zeudela. Hitzarmena indarrean zutenak langileen %49 ziren, baina kopuru horrek gora egin du urtearen amaieran, berritu egin baita Bizkaiko metalgintzakoa, guztietan handiena.

Langile publikoek —130.000tik gora— ere erosteko ahalmena irabazi dute. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, %2,25 handitu zizkien sariak bere 70.000 langileei 2019 hasieran, eta udan beste %0,25, eta hori bera egin zuen Nafarroako Gobernuak bere 30.000 langileekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.