Probintzietako lan itunak gailentzeko eskatu du EAJk, erreforma babesteko

Erreformak Kongresuko lehen bozketa gaindituko du gaur, oposizioko gehienak abstenitu egingo baitira

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
PSOEk bakarrik egingo du negoziazio kolektiboaren erreformaren lehen urratsa Espainiako Kongresuan. Han erabakiko dute, gaur, erreformaren errege lege dekretua baliozkotu edo indargabetu. Alderdiek egunotan esandakoaren arabera, PSOEk bakarrik egingo du erreformaren alde; baina, oposizioko alderdi gehienek abstenitu egingo direla iragarri dutenez, lege dekretua baliozkotu egingo dute.

Espainiako Gobernuak lege dekretu gisa tramitatu nahi du, testuari zuzenketak egin ahal izateko. Orduan hasiko dira negoziazioak: PSOEk gainerako alderdien aldaketak onartu beharko ditu, haien babesaren truke.

EAJren Kongresuko taldeak zehaztu dio bere ezinbesteko baldintza gaurko bozketan eta hurrengoetan erreformaren alde egiteko: Espainiako Gobernuak onartzea Espainiako lan hitzarmenak ez zaizkiela gailenduko probintzietakoei. Hori egiteko konpromisoa eskatu dio Espainiako Gobernuari. Harekin hitz egiten ari da, baina EAJk ez du zehaztu zer erantzun dion.

Erreformaren helburuetako bat probintzietako sektorekako lan hitzarmenak desagertzea da. Hitzarmen horiek dira nagusi Hego Euskal Herrian. Erreformak dio Espainiako hitzarmenek izango dutela lehentasuna, eta halakorik ez bada, autonomietakoek.

«Errege lege dekretuak egoera okertzen du, zentralizazioa areagotzen baitu», esan zuen Josu Erkorekak, EAJren Kongresuko bozeramaileak. «Hori gure filosofiaren kontrakoa da eta ezin dugu onartu». Dagoen bezala, beraz, EAJk ez du egingo erreformaren alde; baina ez du zehaztu, ordea, gaurko bozketan proiektuaren kontra egingo duen edo abstenitu egingo den.

Sindikatuen eskaera EAJri

Euskal Herriko gehiengo sindikalak (ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru) erreformaren kontra egiteko eskatu dio EAJri, Espainiako Gobernuak EAJren babesa beharko baitu bozketetan erreforma onartzeko. Sindikatuek gogoan dute Espainiako Gobernuak EAJri esker onartu dituela lan merkatuaren erreforma eta pentsio sistemarena.

Oraingoz EAJk bat egin du sindikatuen argudioetako batekin, eta erreformak negoziazio kolektiboa zentralizatzen duela salatu du. Baina EAJk oraingoz ez du hitz egin negoziazio kolektiboaren erreforman proposatu dituzten gainerako aldaketei buruz: ultraaktibitatea mugatzea, enpresetako hitzarmenak sektoreetakoei gailentzea, enpresaburuek lanorduen %5 nahi duten moduan antolatzea, hitzarmenean onartutakoa ez ordaintzeko aukera izatea...

CiU erreformaren kontra dago. Espainiako Gobernuak onartu eta berehala esan zuen. Gaurko bozketan abstenitu egingo da, Josep Antoni Duran i Lleida bozeramailearen arabera. CiUk bere egin ditu enpresaburuen elkarteen eskaerak.

PP erreformaren kontra dago, baina ez du argitu kontra bozkatuko duen. Esan du ez duela alde bozkatuko, eta agian abstenitu egingo dela, Espainiako Gobernua negoziatzeko gai baldin bada.

IUk eta ICVk kontra bozkatuko dute. ERC kontra edo abstenitu egingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.