Lan gatazkak

Productos Tubularesek 157 langile kaleratu nahi ditu Trapagaranen

"Arrazoi ekonomikoak, produktiboak eta antolakuntzakoak" aipatu ditu zuzendaritzak kaleratzeak justifikatzeko

Productos Tubularesko langileen protesta, gaur, Barakaldon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Jon Fernandez.
2018ko apirilaren 4a
12:55
Entzun

Espero zuten kolpea hartu dute gaur goizean Productos Tubularesen Trapagarango (Bizkaia) langileek. Zuzendaritzarekin bilera egin dute hiru aste pasa greba mugagabean daramatzaten beharginek, haren "doikuntza plana" ezagutzeko, eta kaleratze mehatxua hezurmamitu egin da: Amurrioko Tubos Reunidosen filialak 157 langile kaleratu nahi ditu Trapagarango lantegian.

Altzairu konpainiak, guztira, 430 behargin dauzka Trapagaranen, baina zuzendaritzak ez du nahikoa izango 157 kaleratuta. Gaur bertan CNMV Espainiako burtsa ikuskatzaileari igorritako ohar batean azaldu dio lanean geratuko diren gainerako 273 beharginen lan baldintzak nabarmen aldatuko dituela, eta ez duela aplikatuko konpainiak berak sinatutako lan hitzarmena.

Kaleratze eta lan baldintzen aldaketa sakon horiek justifikatzeko, "arrazoi ekonomikoak, produktiboak eta antolakuntzakoak" erabili ditu zuzendaritzak, eta zehaztu du kaleratzeak eta aldaketak aurten eta datorren urtean gauzatu nahi dituela.

Goizean langile batzordearekin bilera eginda eta CNMVra oharra bidalita, konpainiak hasiera eman dio lan erregulazio espedientea negoziatzeko hilabeteko epeari.

Zenbaki txarrak

Tubos Reunidos taldeak 100 milioi euroren galerak izan ditu azken hiru urteetan, eta 200 milioiko zorra dauka. Haren filialak, Productos Tubularesek, 32 milioi euroren galerak izan zituen iaz. Urte zailak igaro ditu konpainiak, altzairuaren sektorearen krisiagatik eta petrolioa merkatu egin delako azken hiru urteetan. Hain zuzen ere, soldadurarik gabeko hodiak eta altzairu ugerrezina ekoizten ditu Trapagarango lantegiak, batez ere gasa eta petrolioa garraitzeko erabiltzen direnak.

Sektoreko zailtasunak zailtasun, langile batzordeak uste du Trapagarango lantegian, hain zuzen, ez dela Tubos Reunidosen arazo nagusia, hark ez duelako horrenbeste esportatzen AEBetara. Langileen ordezkarien iritziz, zuzendaritzak ez ditu ondo kudeatu 2015era arte jasotako irabaziak, eta inbertsioak ez dituzte ondo aukeratu: "Uste dugu espediente berri horrekin zuzendaritzak dirua pilatzen jarraitu nahi duela".

Are gehiago, langile batzordeak susmoa dauka Productos Tubularesko kaleratze espedientea hasiera baino ez dela: "Gu hasiera besterik ez gara, eta, ondoren, Tubos Reunidosen bila joango dira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.