Apirilaren 4an aurkeztu zuen EEE enplegua erregulatzeko espedientea Productos Tubularesen jabeak, Tubos Reunidos Arabako enpresak. Azken urteetan ehun milioi euroren galerak pilatu ditu Tubos Reunidosek, batez ere petrolioaren prezioaren jaitsierak haren hodien eskaria txikitu duelako. Galeren zati bat Productos Tubulares filialarenak direla esan zuen Tubos Reunidosek, eta horregatik proposatu zuen haren Trapagarango lantegian 157 langile botatzea, geratuko liratekeen 350 langileei soldatak %25 txikitzea, eta lanaldia 24 ordu luzatzea. Neurri horien guztien aurka azaldu ziren fabrikako sindikatuak.
Erregulazio dosierraren hirugarren bilera egiten ari dira gaur zuzendaritza eta sindikatuak, Barakaldoko hotel batean. Hor adierazi du zuzendaritzak erregulazioa atzera botako duela. Langileen eskarietako bat zen hori, "presarik gabe eta kaleratzeen mehatxurik gabe" beste negoziazio mahai bat osatu ahal izateko fabrikaren etorkizunaz hitz egiteko.
Langileak batzarrean erabaki behar dute martxoaren 8an hasitako greba mugagabea amaituko ote duten.
Hedabideetara igorritako agirian, Tubos Reunidosek ziurtatu du greba "enpresaren hondatzea areagotzen" ari dela, eta arrisku "larrian" jarri duela. Enpresa salbatzeko "premiazko neurriak" beharrezkoak direnez, eta erregulazioa mahai gainean izanda sindikatuak negoziatzeko prest ez zeudenez, EEEa kentzea erabaki duela dio taldeak.
Jaurlaritzaren eskaintza
Joan den astean, langileen eta zuzendaritzaren artean bitartekari izateko eskaini zuen bere burua Eusko Jaurlaritzak. Tubos Reunidoseko zuzendaritzak eskaintza onartu zuen atzo, eta eskaera formal bat egin zuen. Hasiera batean bitartekaritza ontzat hartu zuen enpresa batzordeak, baina atzo arratsean zehaztu zuen halakorik ez zuela onartuko espedientea mahai gainean zegoela.