Javier Agirre. Ihobeko zuzendaria

«Produktuak berak eman behar du erraztasuna birziklatzeko»

Europako Batasuneko planak produktuen kudeaketan eta ekodiseinuan sartzea ontzat jo du Agirrek; «baikorra» da, baina ekonomia zirkularra garatzeko prozesua «oso geldo» doala ere ohartarazi du.

Ivan Santamaria.
2016ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Jaurlaritzaren ingurumen eta jasangarritasun politikak garatzen dituen sozietate publikoa da Ihobe. Badira urte batzuk ekonomia zirkularraren inguruko ekintzak aurrera eramaten hasi zirenetik.

Zer iruditu zaizu Europako Batzordeak ekonomia zirkularra sustatzeko iragarri duen plana?

Ez zait iruditu atzerapauso bat. Gauza onak ditu, eta beste batzuk ez hain onak. Onena da behingoz sartu direla produktuen kudeaketan eta ekodiseinuan. Zaharkitze programatuari aurre egiteko borondate argia dago Europan, gainera.

Produktuen diseinu eta ekoizpenean ekonomia zirkularra ahalbidetzeko neurriak ezartzea beharrezkoa da?

Garrantzi handia du ekodiseinuak. Bakoitzak etxean birziklatzea posible da, baina produktuak berak erraztasuna eman behar du horretarako. Supermerkatura zoaz, eta apaletatik hartzen dituzun produktu askok eta askok ez dute bermatzen birziklagarriak izatea. Etxean ontziak banatzen dituzu, baina %30 bat errefusara doaz oraindik.

Asko hitz egin da hondakinen kudeaketari buruz, baina orain mezua aldatzen ari da ziklo osoa kontuan hartzeko.

Orain arteko eredu linealarekin apurtzeko beharrezkoa da hondakinak birziklatzea, argi dago. Baina benetan garrantzitsua da hori aintzat hartzea fabrikazio momentutik bertatik.

EBko presidenteordeak, Katainenek, esan du joera geldiezina dela ekonomia zirkularra, globalizazioak bezain arrasto sakona utziko duena. Ados zaude?

Ondo dago Europako komisario batek hori esatea. Ni neu baikorra naiz, baina honetan 28 urte daramatzat, eta gauzak oso geldo doazela ikusi dut. Eraldaketa lortzeko behar dugu produktorea, egilea, honetan sartzea. Orain arte euren kabuz ez dira sartu. Hori gertatu ez denez, arauak jarri beharko zaizkie produktuei.

Nork du ardura handiagoa: herritarrek, erakundeek edo enpresek?

Guztiek. Herritarrok bultzatu behar dugu, eskatuz. Esaterako, erosketak egitean birziklagarriak diren produktuak aukeratu, edo edukiontzi gutxien dituztenak hartu. Botere publikoen eginbeharra da arau argiak jartzea produktoreek euren lana ondo egin dezaten. Azkenean, ekoizleek kontzientzia hartu eta legea bete beharko dute.

Ihoben aspaldi hasi zineten ekonomia zirkularrari buruz gauzak egiten. Nola dago egoera geure inguru gertukoenean?

Betidanik aritu gara horretan. Zaila da aldatzea, ordea. Egitura asko mugitu behar dira aldaketa handi bat lortzeko. Adibide bat janarien xahutzea da. Guk neurtu dugu janariaren %8 zaborrera botatzen dugula paketea ere ireki gabe. Elikagai eta diru xahutze handia da. Sartu beharko dugu horretan ahalik eta lasterren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.