Ekonomia

Prostituzioak, drogek eta I+Gk 26.000 milioi gehitu dizkiote Espainiako BPGari

Legez kontrako jarduerek eta gastu batzuk inbertsio gisa zenbatzeak 2,6 puntu handitu du barne produktu gordina.

Legez kanpoko jarduera batzuek 9.000 milioi euro gehitu dizkiote produktu gordinari. ENNIO LEANZA / EFE
Iker Aranburu.
2014ko irailaren 25a
10:20
Entzun

Eurostatek behartuta, zenbait jarduera barne produktu gordinaren kalkuluan ere sartzen hasi dira estatistika erakundeak. Espainiako INE izan da lehenengoetarikoa. INEk ez du Hego Euskal Herriari buruzko daturik jakinarazi. Eustatek bere eguneraketaren berri eman behar du bihar Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako.

INEren arabera, kalkulu berriarekin 2013an 1,049 bilioi euroko BPGa zuen Espainiak, kalkulu zaharrarekin baino 26.193 milioi gehiago (+%2,6).

Legez kanpoko jarduera batzuek 9.000 milioi euro gehitu dizkiote produktu gordinari. INEk kalkulatu duenez, droga trafikoak 5.000 milioi mugitzen ditu urtero, eta beste 3.500 milioi prostituzioak. 

Edonola ere, lege barruko jarduera batzuk zenbatzeko modua aldatzeak eragin handiagoa izan du BPGaren berrikuspenean. Horrela, I+G ikerketa eta garapenean egindako gastua (orain arte bitarteko kontsumo gisa zenbatzen zena) aurreratzean inbertsio gisa zenbatuko da. 2013an %1,17ko ekarpena egin zion horrek Espainiako BPGari. Pentsatzekoa da handiagoa izango dela horren ekarpena Hego Euskal Herrian, inbertsio handiagoa egiten duelako I+Gn.

Armamentuan egindako gastua ere inbertsio gisa kontabilizatuko dute, beste %0,17.

Erorketa handiagoa

Kalkulu berriekin azken urteotako kontu ekonomikoak aldatzen hasi da INE. Oraingoz 2010 artekoak aldatu ditu, baina datorren astean 1995 artekoak kaleratuko ditu. Estatistika berrituak dio 2012an Espainiako ekonomia %2,1 uzkurtu zela (%1,6 aurreko datuarekin), eta %0,6 txikitu zela 2011n (+%0,1 aurretik). Iazko datua (-%1,2) ez da aldatu, ordea.

BPGa hamarren batzuk igotzeak automatikoki jaitsiko ditu defizit eta zor publikoak, baina aldaketak txikiak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.