Finantza publikoak

PSNk "78 milioi murriztu izana" aurpegiratu dio Nafarroako Gobernuari

Alderdi sozialistaren arabera, Barkosen gobernuak gastu-araua ez du bete, baina Pedro Sanchezen gobernuak borondatea azaldu du "elkargune batera iristeko".

Ramon Alzorriz, Maria Txibite eta Inma Jurio. IñIGO URIZ
joxerra senar
2018ko azaroaren 29a
17:00
Entzun

PSOEren eskuetan zegoen Nafarroarentzat inbertsio iraunkorrerako 113 milioi euro horiek onartzea, edo hortik gertu egon daitekeen beste zifra bat bederen. Azkenean, 35,5 milioi soilik onartu ditu, eta horren ondotik, errua Nafarroako Gobernuari bota nahi izan dio PSNk. Sozialisten ustez, gastu-araua bete ez izanaren erruz, laukoak onartutako 113 milioi euroetatik "ia 78 milioi murriztu" behar izan ditu Barkosen gobernuak. Hartara, fokua Espainiako Gobernuaren gain jartzea saihestu nahi izan du.

Komunikabideei igorritako oharrean, Finantza Egonkortasunerako legea bete ez izana egotzi dio Uxue Barkosi Nafarroako lehendakariari, eta horrek guztiak alderdi abertzaleen estrategiari erantzuten diola deritzo: "Espero bezala, eta ematen du uneoro hori bilatu dutela, soilik eurena den errua bota nahi izan diote nazionalistek Sanchezen gobernuari".

Nafarroako Gobernuak herenegun gauean jaso zuen Madrilen oniritzia, eta berehala 35,5 milioi horiek zertan erabili zehazten zuen lege proiektua onartu zuen. Besteak beste, udal azpiegituretan eta legealdi osoan PSNk parlamentuan hamaika bider eskatutako banda zabalaren hedapenean baliatuko dira.

Hala eta guztiz ere, hori ere kritikarako baliatu du PSNk. Bere hitzetan, "udal batzuk ohartarazi dute Nafarroako Gobernuak inbertsio horiek egiteko eskatzen dituen baldintzak arriskuan jar ditzakete inbertsioak eta epeak oso estuak dira". Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren berehalako bilera eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.