Uztailean operazioa iragarri zuenean baino 35 milioi garestiago irtengo zaio erosketa Euskalteli, "R Cableren perspektibak hobetu direlako" eta "Euskaltelek bere akziodunen artean epe luzerako egon nahi dutenak barneratu nahi dituelako", Derioko konpainiak agiri baten bidez iragarri duenez.
R Cableren akzioen %100 ez ezik, Galiziako kable konpainiaren 300 milioi euroren zorra ere bere gain hartuko du. Operazioaren zatirik handiena zor bidez finantzatuko du Euskaltelek: bankuekin sinatuta zituen 600 milioiren kredituak berriro negoziatu ditu eta 300 milioi gehiago mailegatu dizkiote lau bankuk. Gainera, kapitala handituko du akzio berrien bidez. Abancak —aurrezki kutxa galiziarren batuketatik sortutako bankuak— gutxienez 80 milioi euroren akzioak erosiko ditu, eta enpresaren kapitalean irauteko konpromisoa hartu du.
Erosketaren azken haria Euskaltelen batzar orokorrak itxi beharko du. Ez da ustekaberik espero, erosketa onartzearen aldeko botoa iragarri baitute Euskaltelen akziodun nagusiek, hots, Kutxabankek, Alba korporazioak eta enpresako oraingo kudeatzaileek (akzioen %40 hiruen artean).
Enpresa berriak 725.000 kilometroko kable eta zuntz optiko sarea izango ditu, 715.000 bezero, 570 milioi euroren diru sarrerak eta 265 milioiren irabazi operatiboa.