ESPAINIA

Raxoi: "Egin duguna egin izan ez bagenu, Espainia okerrago legoke"

Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak bere agintaldiaren balorazioa egin du. Erabaki gogorrak hartu dituela onartu du, baina guztiz justifikatu du, bestela Espainia okerrago egongo zelakoan. Datorren urteko erreformen artean dago pentsioena. 

Iker Aranburu.
2012ko abenduaren 28a
15:03
Entzun

"Ziur egon zaitezte egin izan ez bagenu, Espainia eta espainiarrak askoz okerrago egongo ginatekela", esan du Raxoik, Moncloa jauregian prentsaren aurrean egin duen ordubeteko agerraldian. Kazetari batek hitza behin eta berriro jateak sortzen dizkion arazoei buruz galdetuta, beste biderik ez zuela aipatu du: "Zer gertatuko zen gobernuak hartutako neurriak hartu izan ez balitu? Espainiak %11-%11,5 arteko defizita edukiko luke orain. Ez litzateke jasangarria.  Defizit publikoa %6koa beharrean %9koa zela ikusi genuenez, gure programan ez zeuden neurriak hartu behar izan ditugu”. Raxoiren promesa hautsien zerrenda luzea da: errenta zerga eta BEZa igo ditu, langabezia sariaren txikitu, pentsioak ez ditu eguneratu, murrizketak egin ditu osasunan eta hezkuntzan... 

Aurreratu du 2013 "oso urte gogorra" izango dela, eta atzeraldiak jarraituko duela, baina nazioarteko erakundeek diotenaren ildotik, 2013aren bigarren erdian gauzek hobera egingo dutela iragarri du. 

Ekonomiaren datu onak ere nabarmendu nahi izan ditu, horien artean enpresen eta familien zorpetzea jaisten ari dela, eta esportazioak handitzen ari direla. Kontu korronteko defizita —ondasun eta zerbitzuen esportazioen eta inportazioen arteko aldea— BPGaren %11koa zen duela urte batzuk, eta 2013an superabita izan dezakeela iragarri du. "Oso inportantea da, horrek esan nahi duelako ez duela kanpoan finantzaketarik beharko".

Erreskateari buruz galdetuta, betiko leloari eutsi dio Raxoik. "Orain arteko jarrera da gurea. Gaur ez dugu asmorik Europako Banku Zentralari eskatzeko Espainiaren zorra erosteko". Ikusteke dagoena da mezu horri noiz arte eutsiko dion.

Madrilgo presidenteak eta beste erakunde batzuek —Confebaskek, gaur goizean— eskatu dioten greba eskubidearen arautzeari buruz, oso garbi erantzun du ezetz,  gaia ongi araututa dagoela iruditzen zaiolako.

Kataluniako Generalitateari ere oharra egin dio Espainiako presidenteak, esanez Konstituzioa betearaziko duela. Prest dago Artur Mas Kataluniako presidentearekin "hark nahi duenean biltzeko", eta gauza batzuk alda daitezkeela, baina beti ere Espainiako legediaren barruan. Konstituzioaren defentsa sutsua egin du gero, azken urteotan Europak agindutako bi arrazoiengatik aldatu dutela gogorarazi du (Maastrichteko Ituna eta Itun Fiskala betearazteko), baina aldatzeko eragozpen sorta bat aipatu ditu ondoren. "Zertarako aldatu nahi dugun jakin behar dugu aurretik?", bota du, PSOEren eredu federal zehazgabea buruan zuela.

Subiranotasun eskaeraz gain, Generalitatearen eskakizunetako bat da defizitaren muga %0,7ra ez jaisteko. Horretan ere ezezkoa eman dio Raxoik. "Ezin zaio eutsi biltzen dena baino gehiago gastatzeari. Horrek ekarri gaitu hona", erantzun du. Presidenteak ez duena esan da gobernu zentralarentzat gorde duela Bruselak eman dion defizitaren margin gehigarria.  Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak onartu egin dute defizitaren muga, eta gastuak ehunka milioi eurotan txikitzera behartuko ditu 2013an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.