Krisia eurogunean. Erreskatea Espainiari

Raxoik erreskate zuzena nahi du orain, baina ezetz erantzun diote

Euroguneak eta Europako Batzordeak baztertu egin dute erreskate funtsek dirua zuzenean finantza erakundeei emateaMaileguak oso epe luzera eta interes tasa oso apalekin ematea aztertzen ari dira

jakes goikoetxea
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak eta euroguneak baztertu egin dute Espainiako finantza erakundeei erreskatea zuzenean emateko aukera, Espainiako Gobernutik pasa gabe eta Espainiako Gobernuak erreskatea bueltatuko dela bermatu gabe. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak, belarriak apalik, erreskatearen baldintzak aldatzeko eskatu zuen atzo, Mexikon, G20koen bileran. Ezetz erantzun diote Europatik.

Astebete beranduago, Espainiaren erreskateak ez du balio eskatu duenarentzat, Espainiako Gobernuarentzat. Porrot egin duela aitortu du abian jarri aurretik. Raxoik ekainaren 10ean harrokeriaz esan zuen euroguneak ez zuela erreskatea eskatzera behartu, bera izan zela euroguneari presio egin ziona; erreskatea—«kreditu-linea baldintza oso mesedegarrietan emana»— ona zela nabarmendu zuen, ospatzeko modukoa; eta, «egoera konponduta», Espainiaren eta Italiaren arteko futbol partida ikustera joan zen Poloniara.

Baina erreskatearen ezaugarriak zehaztu gabe jarraitzen dute. Bakarrik esan dute gehienez 100.000 milioi euro izango direla, finantza erakundeei baldintza zorrotzak ezarriko dizkietela —bai laguntza behar dutenei, bai behar ez dutenei— eta Espainia zorrotz kontrolatuko dutela. Arrisku sariak, berriz, Espainia bigarren erreskatearen amildegiaren ertzean jarri du.

Euroguneko erreskate funtsek ez dute aurreikusten dirua zuzenean finantza erakundeei ematea, ez EFSF behin-behineko erreskate funtsak, ez ESM behin betikoak. Debeku hori ez da aldatuko «epe laburrean», Amadeu Altafaj Europako Batzordeko Ekonomia Gaietarako bozeramailearen esanetan. Euroguneko gobernuek onartu beharko lukete funtsaren araudia aldatzea.

Aintzat hartu behar da berez ESM Europako Egonkortasun Tresna uztailaren 9an jarriko dela indarrean baina oraindik ez dutela euroguneko herrialde guztiek berretsi. Altafajen iritziz, eskura dauden tresnekin lan egin behar da, eta lehentasuna guztiek ESM berrestea da, ez aldatzea.

Zorren kutsadura

Altafajek, beraz, baztertu egin zuen Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak herenegun Mexikon egin zuen eskaera: finantza erakundeentzako laguntza zuzena, finantza erakundeen zorrak Espainiaren zorra ez kutsatzeko. Espainiaren erreskateak bere zorra eta defizita handituko ditu.

Espainiako Gobernuak erreskate tresnek dirua zuzenean finantza erakundeei ematea nahi zuen, erreskatea negoziatzen ari zirenean. Alemaniak ez zuen onartu. Espainiako Gobernua behartu egin zuen finantza erakundeen erreskatearen berme emaile izatera.

Erreskate zuzena ez da izango, baina eurogunea erreskatearen ondorioak arintzeko neurriak aztertzen ari da. Reutersen arabera, euroguneko goi funtzionario batek esan dio Espainiari epe oso luzeko eta interes tasa oso apaleko maileguak emango dizkiotela. Horrela, erreskateak Espainiaren defizitean eragin txikia izatea nahi dute, eta uxatu egin nahi dituzte Espainiak erreskatea bueltatzeko daukan gaitasunari buruzko zalantzak. Orain artean %3 eta %4 arteko interesak eta 15-30 urtean bueltatu beharra aipatu izan da.

ESM nahiago, EFSF baino

Euroguneko herrialdeek nahiago dute Espainiak laguntza ESM funtsari eskatzea; Espainiak laguntza bueltatu ezingo balu, ESMk kobratzeko lehentasuna izango luke, gainerako hartzekodunen aurretik. ESMri eskatzeak, baina, Espainiaren arrisku saria igoaraz dezake, Espainiaren zorraren erosleek interes handiagoa eskatuko dutelako arrisku handiagoa hartzearen truke, hau da, hartzekodunen zerrendan atzean geratzearen truke.

Bihar bilduko dira euroguneko Ekonomia ministroak (Eurotaldea), Luxenburgon. Espainiaren erreskatea izango da bilerako gai nagusietako bat. Etzi, berriz, Europako Batasuneko Ekonomia ministroak (Ecofin) bilduko dira, Luxenburgon. Eurotaldeak espero du Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak bilera horretan egingo duela finantza erakundeen erreskatearen «eskaera teknikoa».

Bihar jakingo dira Oliver Wyman eta Roland Berger aholkularitza enpresek Espainiako finantza erakundeei egindako kontuen ikuskatzeen emaitzak. Irailean, ordea, lau aholkularitza enpresak finantza erakundeei banan-banan egindakoak. Bi hilabete atzeratuko dituzte, azterketa «zorrotzagoa» izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.