Eurogunea krisian. Espainia, merkatuen jomugan

Raxoik hitz egin du, baina merkatuek ez diote entzun

Raxoiren hitzek ez dute eraginik izan merkatuetan, eta Espainiaren arrisku sariak inoizko maila gorenean bukatu du egunaEspainiako presidenteak esan du bankuek ez dutela Europaren erreskaterik behar

Iker Aranburu.
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Espainiaren arrisku sariak euroaren garaiko marka hautsi behar izan zuen Mariano Raxoik prentsaren aurreko isiltasuna hausteko. Mezua, ordea, aurretik Espainiako gobernuburuak EBko beste bazkideei edo bere ministroek emandakoa izan da: Espainiak ez du Europako funtsen laguntzarik beharko bere bankuak kapitalizatzeko. Bankiari eskatutako 19.000 milioi euroak zehazki nola emango zaizkion ez du argitu, eta haren egoeraren erantzuleak argitzeko ikerketa batzordea ere baztertu du. Presidentearen mezuak ez du eraginik izan merkatuetan, eta arrisku sariak 511 puntuan itxi du eguna, hau da, %6,47ko interesan.

«Espainiako bankuentzat ez da inolako erreskaterik izango». Esaldi labur horrekin eten nahi izan ditu espekulazioak Raxoik. Aurretik esandakoa, baina kamaren aurrean. PPren egoitzan bildutako kazetari saldoaren aurrean botatako erantzun zehatz bakarrenetakoa izan da, beste gai batzuetan Raxoi kazetarien galderei izkin egiten saiatu delako. Hala, ez du argitu zer sistema baliatuko duen bere gobernuak Bankiaren kapitalean 19.000 milioi euro sartzeko. Hedabide batzuek kaleratu dute zuzenean zor tituluak emango dizkiola estatuak —nahi beste eman diezazkioke—, eta bankuaren ardura izango dela horien truke diru likidoa eskuratzea. Europako Banku Zentralaren aurrean maile- guetarako berme gisa erabilita, esaterako. Aukera horri buruz ez espekulatzeko eskatu du Espainiako gobernuburuak, baina ziurtatu du edozein neurri hartuta ere ez duela eraginik izango defizit publikoan eta ez duela murrizketa gehiago eskatuko.

Hori bai, bankuek EFSF edo ESM erreskate funtsetara zuzen-zuzenean jotzeko aukeraren alde azaldu da. «Horren alde dago jende asko; baita neu ere, noski». Gaur egungo arauekin, estatuei beraiei dagokie bere finantza erakundeentzat dirua eskatzea, baina horrek dakarren larrialdi egoeraren irudikapena da Espainiak kosta ahala kosta eragotzi nahi duena. Irlandako Gobernua ere saiatu zen bide horretan, baina 2010eko azaroan dirua eskatu behar izan zien euroguneari eta Nazioarteko Diru Funtsari, bere bankuak porrotetik salbatzeko nahiko dirurik ez zuelako.

Lau urte berandu

Alternatiba porrota zelakoan, Raxoik guztiz defendatu du Bankiaren erreskatea, eta autonomia erkidegoei ere lagunduko diela hitzeman du: «Ez diegu erortzen utziko ez erkidegoei, ezta bankuei ere. Haiek erortzea herrialdea erortzea da».

Bankiaren egoeraren erantzukizuna argitzeko ikerketa batzordea sortzea ere baztertu du Raxoik, baina ez du uko borobilik eman. Aurretik nazionalizatutako beste bankuekin alderatu du Bankia, nahiz eta Caja Madrid eta Bancajaren bankuak sektore osoak baino diru publiko gehiago lortuko duen. Gainera, esan duKongresuan badagoela ikerketa azpi-batzorde bat finantza erakundeen berregituraketari buruz. Batzorde horrek ateak itxita lan egiten du.

EBko beste kide batzuek ere beren bankuak diru publikoarekin porrot ez egitea lortu dutela gogorarazi du Raxoik. «Guk ere duela lau urte egin genezakeen, baina ez genuen egin», gaineratu du, PSOEren aurreko gobernuari kritika eginez. Beste herrialde horietan bezala, Espainiak Bankiarekin ez duela dirurik galduko uste du: «Erakundea osasuntsu dagoenean, eta Espainiako lehen finantza erakundea izanik, saldu egingo da, eta estatuak bere inbertsioa berreskuratuko du».

Euroaren geroari buruzko zalantzak uxatzearren, diru bakarraren alde «apostu indartsua» egiteko eskatu die Raxoik EBko kideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.