Renfek distantzia ertaina egiten duten linea batzuk kenduko ditu

Espainiak trenbide garraioa liberalizatuko du 2013an; sindikatuek lanuztera deitu dute abuztuaren 3rako

Gasteiztik distantzia ertaineko Renferen bi linea ateratzen dira. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Renfe Espainiako trenbide konpainia publikoak distantzia ertaina egiten duten hainbat linea kenduko ditu. Ana Pastor Espainiako Gobernuko Sustapen ministroaren arabera, «ekonomikoki eta sozialki»errentagarriak ez diren zerbitzuak ezabatuko dituzte. Hala ere, ez dute adierazi zein linea kenduko dituzten. Ikusteko dago erabakiak zer eragin izango duen Euskal Herritik igarotzen diren distantzia ertaineko trenetan.

Egun, distantzia ertaineko lau linea igarotzen dira Euskal Herritik: Irundik atera eta Mirandara joaten dena, Gasteizen geldialdia eginda; Gasteiztik Castejonera (Nafarroa) doana, Iruñean geldituta; Gasteiztik aterata Valladolidera iristen dena; eta Logroñotik aterata Castejonen geldialdi bat egin eta gero Zaragozara iristen dena.

Pastorren esanetan, distantzia ertaina egiten duten 52 tren %15ean ere ez dira betetzen: «Batzuek bost lagun ere ez dituzte eramaten egunean». Tren geltokien inguruko erabakiren bat ere hartuko dutela iragarri du Pastorrek. «176 geltokik egun batzuetan ez dute jasotzen bidaiari bakar bat ere».

Espainiako ministroen kontseiluak trenbide sistema arautuko duen lege dekretu bat onartu zuen atzo. Sistema liberalizatzeko asmoa du gobernuak, eta 2013ko uztailean lehia librera zabalduko du trenbide garraioa. Neurri hori «beharrezkotzat» jo du Pastorrek, trenbide sistemak sortzen dituen kostuei aurre egin ahal izateko.

Renfe lau arlotan banatuko duela jakinarazi du: bidaiarien garraioan arituko da arlo bat, trenak mantentzen beste bat, merkantzien garraioan beste bat, eta laugarrena oraingo trenak eta materiala kudeatzeaz arduratuko da. Bidaiariaren garraioan arituko den arloa zabalduko du lehia librera.

Bestalde, FEVE enpresa publikoa ezabatu egingo dute urtarrilean, eta hango langileak Renferentzateta Adifentzat lan egitera pasako dira; FEVEk 1.857 langile ditu. Bizkaian, esate baterako, linea bat du, Bilbo eta Balmaseda lotzen dituena, hain zuzen.

Neurri horien bidez, «eraginkortasuna» lortu nahi du gobernuak. Atzo plazaratu zituzten datuen arabera, trenbide garraioak 447 milioi euro galdu zituen 2011n: Adifek 200 milioi euro,FEVEk 147 milioi euro eta Renfek 100 milioi euro. Hiru enpresen artean, 20.730 milioi euroko zorra dute. 2015erako Adifek eta Renfek galerarik ez izatea nahi du Espainiako Gobernuak.

Egun osoko lanuztea

Espainiako Gobernuak trenbide garraioan hartuko dituen neurrien aurka, abuztuaren 3an egun osoko lanuztea egingo dute Renfeko, Adifeko eta FEVEko langileek. Sektorean ordezkariren bat duten sindikatu guztiek deitu dute protestara: CCOOk, UGTk eta trenbide garraioko hainbat sindikatuk.

Gobernuak lehengo ostiralean eman zien hartuko dituen neurrien berri. Trenbide sistema lehia librera aurkeztearen aurka daude sindikatuak, eta ez dute begi onez ikusten Renfe lau arlotan banatzea. «Zerbitzu publiko guztiak desagertzea nahi dute». Salatu dute gobernuak ez duela esandakoa bete eta trenbide sistemaren liberalizatzea aurreratu egin duela. Sindikatuak astelehenean bilduko dira berriro gobernuko ordezkariekin.

LABek ere abuztuaren 3rako lanuztera deitu ditu Renfeko, Adifeko eta FEVEko langile guztiak. LABen arabera, garraioaren kudeaketa publikoa eraginkorragoa da pribatua baino: «Zerbitzu publikoen pribatizazioak zerbitzuen kalitatea eta segurtasuna okertzera eramaten ditu, eta ez dizkie kalitateko zerbitzuak bermatzen erabiltzaileei».

Sindikatuaren iritzian, gainera, Euskal Herriaren garapenean «funtsezkoak» eta «estrategikoak» diren erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira, eta ez Espainian. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die Hego Euskal Herrian dauden trenbideen eta langileen gaineko eskumena eskatzeko Espainiako Gobernuari.

LABen ustez, urrats «handia» litzateke eskumen horiek lortzea, euskal trenbide «publiko, kalitatezko eta eraginkor bat» eratu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.