Rentanet 48 ordu zerbitzua kentzea ulertezintzat jo du ELAk

Mobilizazioak iragarri ditu, 2008. urtean sinatutako lan ituna hausten ari delako Bizkaiko Foru Aldundia

Erredakzioa
Bilbo
2010eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Errenta aitorpena Internet bidez egitea ahalbidetzen duen Rentanet 48 ordu zerbitzua kendu du Bizkaiko Foru Aldundiak. ELA sindikatuari «ulertezina» iruditu zaio erabakia, aurrerantzean herritarrek Ogasuneko egoitzan bertan egin beharko dutelakoerrenta aitorpena. Sindikatuaren esanetan, iaz 30.000 bizkaitarrek erabili zuten sareko zerbitzua. Aurten, ordea, behartuak egongo dira bankuetara, aurrezki kutxetara edo aholkulari pribatuengana joateko.

ELAk azaldu duenez, Rentanet 48 ordu zerbitzua kenduta, 25 langile gutxiago kontratatu beharko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Kontrara, norbait kontratatu beharko du herritarren datuak erregistratzeko. Beraz, praktikan, enpresa pribatu baten esku geratuko dira milaka bizkaitarren zerga datuak eta datu ekonomikoak. Eta hori «oso larria» iruditzen zaio ELAri. Sindikatuaren iritzian, «Bizkaiko Foru Aldundiak albo batera utzi ditu bere lege betebeharrak, eta, gainera, esku pribatuetan utzi ditu herritarren datuak, haien oniritzirik gabe».

Ordezkapenik ez

Horrez gain, Bizkaiko Diputazioak Gizarte Laguntzarako Foru Erakundean ere hainbat murrizketa egin dituela salatu du ELAk. Haren esanetan, zerbitzu horretan, ordezkatu beharreko langile gehienak ez ordezkatzea erabaki du Bizkaiko Diputazioak. «Neurri horrek bertako egoiliarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea okertzea dakar, eta kontuan hartzekoa da haietako gehienak adineko pertsonak, ezinduak eta adin txikikoak direla».

ELAren ustetan, Bizkaiko Foru Aldundiak «arduragabe» jokatu du neurri hori hartuta, «zentro bakoitzean lanean ari den langile kopurua 2009ko maiatzaren 21eko greba orokorrerako zehaztutako gutxieneko zerbitzuen azpitik dagoelako». Horrenbestez, Bizkaiko Diputazioa 2008tik 2011rako hitzartutako lan ituna hausten ari dela esan du sindikatuak, ordainsariei, enpresa pribatuen azpikontratazioari eta lan taldea murrizteari dagokienez. Horiek horrela, ostegunean batzarra egingo dute langileek, mobilizazioez hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.