Foruko Rinder Industrialeko langileek gustura hartu dute Bilboko epaitegi batek hartutako erabakia: zuzendaritzak erregulazio txostenaren aurka emandako epaiari jarritako helegitea atzera bota du. Epaitegiek atzera bota zuten, halaber, aurtengo uztailean 70 langileentzako enplegua erregulatzeko dosierra. Martxoan aurkeztu zuen zuzendaritzak, ordura arte indarrean egondako beste baten ondotik, eta orain berretsi egin dute uztaileko erabaki hori, enpresaren helegitea baztertuta. Epaitegiak argudiatu du «gaizki eta berandu» aurkeztu duela, langileen arabera. Erregulazio dosierraren lehen epaiak zioen enpresak «iruzur» egin zuela, eta enpresa dosierra bertan behera uztera behartu zuen.
Hala ere, epai honek ez du egoera samurtuko Rinderren; «enpresak ez du amore emango», esan zuten atzo langileek. Oraindik kobratzeko dituzte aparteko sari baten erdia, hilabete bateko soldata eta dosierrak iraun zuen 48 eguneko ordaina. Erregulazio dosierraren garaian lan egin ez zuten orduak berreskuratzen ari dira orain. «Nola berreskuratuko ditugu, ordea, kendu diguten guztia?». Erantzuna «borroka» dela uste dute langileek. «Amaitutako langabezia egunak, galdutako soldatak, kotizazioak... Berreskuratu behar ditugu».
Rinder Industrial autogintzako enpresa da: argiteria eta seinaleztatze elementuak egiten ditu. Gasteizen, Iruñean, Zamudion, Indian (hiru) eta Vietnamen ditu lantegiak.
Gamesa eta Sabeco-Simply
Hainbat enpresetako langileen mobilizazio eguna izan zen atzo. Gamesako CCOO, UGT eta ELAko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten Iberdrolak Bilbon duen egoitzaren aurrean —Gamesaren akziodun nagusietako bat—; konpainiaren etorkizunari buruzko informazioa galdegin zuten. Iruñeko eta Zamudioko plantetako ordezkariek ez dute kaleratze gehiagorik nahi «negoziaziorik gabe». Haize erroten merkatuak behera egin duela dio Gamesako zuzendaritzak, «era nabarmenean», eta horren aurrean enpresaren ekoizpen gaitasuna «egokitzeko» plana aurkeztuko du gaur. Sindikatuek uste dute plan horrek hiru langiletik bati eragingo diola.
Bizkaitik atera gabe, Sabeco-Simply supermerkatuetako langileek greba egin zuten atzo, konpainiak «lan ordutegia handitzeko» plana duelako. Enpresaren asmoak «72 orduko araudia» urratuko luke sindikatuen arabera. «Asteko 90 ordurako bidea ireki nahi dute». Azaroaren 2rako grebara deitu dute berriro, «lan erreforma baliatu nahi dutelako langileen ordutegiak aldatzeko».
Bestalde, LAB sindikatuak Arcelor-Mittalen aurkako salaketa gogorra egin zuen atzo; hori ere lan erreformarekin lotua. «Arcelor Mittalek Gipuzkoako lan zentroetan inposizioa eta mehatxuak erabiliz ekin dio negoziazio kolektiboari. Eta horretarako, beharrezkoa izango balitz, inongo lotsarik gabe, lan erreforma aplikatuko dutela mehatxu egin digute».
Rinder enpresako langileen bigarren garaipena epaitegietan
Foruko enpresak helegitea jarri zion bere erregulazio dosierraren aurkako epaiari, baina hori ere ez dute onartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu