Farmazia alorreko enpresa bat da Roxall, Zamudioko parke teknologikoan aritzen dena. ELA sindikatuak langile batzordeko bederatzi ordezkari dauzka, eta beharginen aldeko lanuzteak 2019ko abenduan hasi ziren, lan baldintzak hobetzeko. Bederatzi eguneko greba egin zuten iaz, urte amaieran. «Langileek —nahiko gazteak eta prekarioak— txertoak ekoizteari uztea eta kalera ateratzea erabaki zuten abenduaren 3an», azaldu du ELA sindikatuak ohar batez bidez; «enpresa zuzendaritzak ez zuen saiorik egin baldintzak hobetu eta akordio bat lortzeko». Are gehiago, ELAk dio «mespretxuz» jokatu zuela langileekin eta langile batzordearekin ere. Sindikatuak azaldu du grebarekin batera enpresak negoziatzea erabaki zuela, eta proposamen bat ere egin zuela; «urtarrilean greba mugagabea zetorrela ikusi zuten».
«Hotza, zalantzak eta negoziazioak» ekarri zituen lanuzteak, ELAren arabera, eta 24 egun igaro eta gero, batzordeak eta zuzendaritzak lehenengo enpresa hitzarmena gauzatuko zuen akordioa egin zuten. Hitzarmen horrek ultraaktibitate mugatua eta inaplikazio klausulak dauzka, enpresak bere kabuz ituna aplikatzeari utz ez diezaion. Beraz, Rajoyren lan erreformaren ondoriorik kaltegarrienak itunetik kanpo geratu.
Hobekuntza nabarmenak
Edukiei dagokienez, adostu dituzte soldaten igoerak (1.500 + KPIa aurten, eta 1.800 + KPIa 2021erako), urteko lanaldiaren murrizketa (17 ordu), antzinatasun plusa, bekadunen eta praktiketako kontratuen erabilera mugatzea, udan lanaldi jarraitua ezartzea eta ostiral arratsaldean lanik ez egitea, besteak beste.
«Etorkizuneko kontratazio berriei begira eta soldata eskala bikoitzak saihesteko». dio ELAk, soldata taula berriak adostu dituzte hitzarmen berrian, kimikaren sektoreko Espainiako ituna gaindituz. «ELAk Roxalleko grebalariak zoriondu nahi ditu, agerian utzi baitute borroka antolaketak eta grebak direla prekaritatearen kontrako tresna nagusiak, enplegu duinak lortzeko eta merezi dituzten lan baldintzak lortzeko».