Ia bidaiaririk gabeko aireportua izateari utziko dio Forondakoak. Hegaldi erregularrak eskaintzeko kontratua eskaini zuen aireportua kudeatzen duen VIA sozietate publikoak, eta Ryanair soilik aurkeztu zen. Irailean eman behar zuen adjudikazioaren berri, baina aste batzuk atzeratu da, eta, azkenean gaur jakinarazi du.
Agiri baten bidez, VIAk zabaldu du Ryanair apirilean dela hastekoa hegaldi erregularrekin, Bergamo-Milanera eta Tenerife hegoaldera.
2018an, berriz, Bukarestera (Errumania) eta Palma de Mallorcara (Balear Uharteak) joateko aukera izango da. Malagarako hegaldia 2019. urterako dago aurreikusita.
2006an eta 2007an ere izan ziren Ryanairren hegaldiak Gasteizen. Lehenik, Londreserako hegaldia jarri zuen, eta, gero, Dublinerako. 2007ko urrian, ordea, bat-batean Irlandako konpainiak hegaldiak bertan behera uztea erabaki zuen, errentagarri ez zirelakoan. Gasteiztik hegan egiteko laguntza publikoak eman zizkion VIAk Ryanairri.
Trafikoa behera 2007tik
Ryanairren ondotik beste konpainiek ere utzi zuten Gasteizko aireportua. Horrela, 2007an jo zuen goia trafikoak, 173.000 bidaiari garraitu zituenean. Kopuru hori amildu egin zen gero, eta azken urteotan charter hegaldi batzuk besterik ez dira atera Forondatik. Iaz, esaterako, 11.182 lagunek erabili zuten.
Merkantzien garraioak, ordea, kontrako bilakaera izan du. Iaz 46.371 tona abiatu ziren Forondatik edo hara iritsi.
Duela lau urte trafikoa berreskuratzeko itxaropena zaildu zuen AENAk, Espainiako aireportuen kudeaketaz arduratzen den enpresak: egun osoko ordutegia murriztu, eta aireportua soilik gauez irekitzea erabaki zuen. Enpleguan ere ondorio zuzenak izan zituen: 120 laguneko lantaldea 30eraino ere jaitsi zen.
Noain ere biziberritu nahian
Forondaz gain, Noaingo aireportua ere buru-belarri ari da erabiltzaileen bila. Joan den astean, Europara hegaldiak egiteko aukera errealistatzat jo zuen aditu txosten batek.
Bidaiarien %70 galdu ditu Noainek krisia hasi zenetik: 2007an, 500.000 pertsona igaro ziren Iruñeko aireportutik eta, iaz, 150.000rekin moldatu behar izan zuen. Aurten, abuztu amaierara arte, 100.000 baizik ez.