Saab Koenigsegg luxuzko auto egilearen esku utzi du GMk

Modelo berririk ezean, Suediako markaren salmentak %56 gutxitu dira maiatzera arte, Europan

Iker Aranburu.
2009ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Saabek suediarren eskuetara itzuliko da. General Motorsek atzo jakinarazi zuenez, Koenigsegg Automotive luxuzko kirol-autoen egilea buru duen talde batek erosiko dio Saab.

Hamabost egun eskasetan GMk saldu duen hirugarren marka da Saab: Hummer Sichuan Tengzhong makineria enpresa txinatarraren esku utzi du, eta Penske kontzesionario kateak hartuko dio Saturn. Hurrena Opel izango da, operazioaren zehaztasunak negoziatzen ari baitaMagna osagaien egilearekin.

Berez, ezin daiteke esan GMk Saab saldu egin duenik, lehen informazioen arabera, jabe berriak ez baitio sosik emango. Kontrara, GMk agindu du 500 milioi inbertituko dituela orain Saaben 9-5 modelo berria amaitzeko -irailean aurkeztuko du -eta 150 milioi jarriko dituela dirutan. Gainera, garai baterako behintzat, bere teknologia eta plataformak erabiltzen utziko die jabe berriei.

Operazioa gauzatu ahal izateko 600 milioi euroko finantzaketa agindu du Europako Inbertsio Bankuak, Suediako Gobernuaren bermearekin. Koenigseggek eta haren bazkide norvegiarrek diru kopuru txikia inbertituko dute, baina Saab errentagarri izatera itzultzen bada, GMri jarritako diruaren zati bat itzuliko diote. Auto industrian adituek, ostera, zail ikusten dute Saabek dirua ematea, duela 19 urte GMk erosi zuenetik oso gutxitan eman baititu irabaziak. 2000an jo zuen goia Saabek, 133.000 auto salduta, baina ordutik hona behera egin du nabarmen, besteak beste, bi modelo baizik ez dituelako eta aspaldi ez dituelako berritu. Iaz 98.000 saldu zituen eta aurten gauzak are okerrago doaz. ACEAk atzo emandako datuen arabera, Saabek 14.000 kotxe saldu ditu urteko lehen bost hilabeteotan Europan, iaz baino %56 gutxiago. Saaben merkatu kuota %0,5etik %0,2ra jaitsi da.

Milioi bat euroko autoak

Jan Ake Jonsson Saabeko zuzendariak akordioa txalotu du, eta hari esker «Suediako izaera berezia» izango duten auto berriak ekoizteko gai izango dela agindu du. Konigsegg 1994an sortu zuen Christian von Koenigsegg suediarrak, luxu handiko kirol autoak egiteko. Iaz hemezortzi baizik ez zituen egin, eta bakoitzaren batez besteko prezioa milioi bat eurokoa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.