Pauso handia eman du Sakanako krisiaren mahaiak, eragile ugarik parte hartu dutelako eta adostasun handia lortu duelako. Pozik azaldu da horregatik Sakanako Mankomunitateko lehendakari berria, Aitor Karasatorre etxarriarra (Iruñea, 1972).
Zergatik osatu da mahai hori?
Hasi zirenean lehen enpresak ixten, gero eta enplegu gehiago galtzen joan zen. Egoera horretan, bazirudien adostasuna lor zitekeela, eta denon artean zerbait adostu zitekeela. Egoeraren azterketa egin eta ibilbide bat zehazten aritu gara.
Parte hartze handia izan du. Hori al da ekarpenik garrantzitsuena?
Hori da jendea gehien poztu duena. «Ados jarri zarete?», esaten digute. Bilerak oso pluralak izan dira. Hor izan dira UPN, PP, enpresaburuak, ELA, LAB, UGT... Pozgarria da denok horrelako zerbaitetan parte hartzea. Askok ez dute sinatu, baina bat egingo dutela uste dut.
Horietako bat Sakanako Enpresaburuen Elkartea da. Prentsaurrekoan izan da. Nola ikusten duzu hura hor egotea?
Oso interesgarria da. Mankomunitateko lehendakaritzan sartu nintzenean, lehen bilera enpresaburuen elkarteko buruarekin egin nuen. Haren eskaera batzuk bide horretan zihoazen: eremu gatazkatsua zela ikusten zutelako, batasun bat lortu behar zela; plan estrategiko baten beharra... Proposamenak hemen [akordioan] biltzen dira, eta uste dut pozez hartu beharko luketela.
Etzi, bilera duzue UPNrekin. Gobernuaren aldetik zer espero duzue?
Sakanan adostasuna lortuta, jada oso pauso handia eman dugu, eta argi dugu honekin aurrera joko dugula. Espero dugu gobernuak ongi ikustea, eta beste toki batzuetan izan duen jarrera bera izatea. Pirinioetan horrelako plan bat egin zuen. Ongi ikusten ez badu ere, sortu den talde honek aurrera joko du.
Gobernuak beti dio enplegua sustatu behar dela. Ezezkoa emango balu, kontraesangarria litzateke?
Ez dakigu zer jarrera izango duten. Zaila izango dute ezetz esatea, lortu dugulako adostasuna.
Zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?
Saiatuko gara parlamentu taldeen babesa jasotzen eta saiatuko gara aurrekontuetan dirua egon dadin hau bultzatzeko. Bertako udalek argi dugu ahal dugun baliabide guztiak jarriko ditugula aurrera ateratzeko. Xumeago bada ere.
Udaletatik eta mankomunitatetik zer egin daiteke?
Mankomunitatean badago garapen batzorde bat. Hori indartu behar badugu, eta hori bada behin-behinean aurrera eramateko tresna, bideratzen saiatuko gara. Guri iristen zaizkigu eskaerak. Aste honetan hiruzpalau ekimenen berri eman digute, baina guri zaila egiten zaigu bideratzea. Beharra ikusten dugu garapenerako tresna bat bultzatzeko, proposamenak badaudelako, eta mahai gainean direnak bideratzeko.
Aitor Karasatorre. Sakanako Mankomunitateko lehendakaria
«Sakanan adostasuna lortu dugu, eta horrekin aurrera joko dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu