Ate txikia baliatuko du Europako Batasunak larri dabiltzan estatu kideak salbatzeko mekanismo iraunkorra indarrean jartzeko. Emaitza kontrolaezinezkoa erreferendumak saiheste aldera, Lisboako Itunaren 136. artikuluari zuzenketa bat egitea hitzartu zuten atzo EBko gobernuburuek, Bruselan egindako bileran. Mekanismoa 2013. urtean jarriko da indarrean, Grezia lehenik eta Irlanda gero salbatzeko erabilitako behin-behineko funtsa bertan behera geratzen denean.
Duela urtebete indarrean jarritako Lisboako Itunak ez du baimentzen EBko estatu batek beste bat salbatzea. Elkarri ez laguntzeak euroa bera arriskuan jarriko lukeela ikusita, debeku hori gainditzeko 136. artikuluari pare bat esaldi gaineratzea erabaki zuten EBko 27 gobernukideek. «Diru gisa euroa duten estatu kideek egonkortasun mekanismoa indarrean jarri ahal izango dute, eurogune osoa egonkortzea derrigorrezkoa izango balitz. Mekanismo horren bidez eskatutako finantza laguntzak oso baldintza zorrotzak bete beharko ditu».
Testua horrela izango dela Twitterreko mezu labur baten bidez zabaldu zuen Herman Van Rompuy EBko kontseiluko presidenteak, agintariak afaltzera joan aurretik. Afari horretan eta gaur goizean jarraituko duen bileran mekanismo horren nondik norakoak eta eurobonoak izango dituzte hizpide.
Espainiaren zor garestia
EBko salbamendu planetatik dirua jaso dute dagoeneko Greziak eta Irlandak, eta hurrengoak Portugal eta Espainia izango direla uste dute aditu askok. Espainiak laguntza behar izateko urrats bat eman zuen atzo, zor publikoa duela hamar urteko prezioan saldu baitzuen. Hamar urteren buruan itzuli beharreko 1.782 milioi euroko bonoak %5,485eko interesean saldu zituen —azken enkanteko interesa da hori—, duela hilabeteko %4,632ko interesetik gora.
Are gehiago garestitu da hamabost urteko zorra: azaroko %4,551tik atzoko %5,986ra. 2000. urtean %6,05 pagatzera iritsi zen Espainiako Altxorra.
Bono baten zein bestearen eskaera handia izan da: eskaini baino 1,7 aldiz gehiago hamar urtekoa eta 2,5 gehiago hamabostekoa. Horrek erakusten du inbertitzaileak prest daudela Espainia finantzatzeko, baina dirua bueltan jasotzeko arriskua ikusten dutenez, interes handia eskatzen dute bueltan. Interes hori urtero pagatzen da, eta zama handia da kontu publikoentzat: 1.782 milioiko zorraren %5,485 ia 98 milioi dira.
Zorraren %70 Espainiatik kanpoko inbertitzaileek erosi zioten, aurrekoetan baino gehiago. Hortaz, oraingoz ez da bete nazioarteko kapitalak Espainia utziko zuela zioten iragarpenak.
Atzoko enkantearekin alde baterako finantzaketa ziurtatuta dauka Espainiako Gobernuak. Baina 2011an dirutza bildu behar du merkatuetan. Moody'sek uste du gobernu zentralak 170.000 milioi eskatuko dituela, 30.000 automia erkidegoek eta 90.000 milioi bankuek eta aurrezki kutxek.
Salbamendu mekanismoa sortzea hitzartu dute EBko agintariek
Lisboako Itunaren artikulu bakar bati jarriko diote zuzenketa estatu kideek, erreferendumak antolatu behar ez izatekoEspainiak azken hamar urteotako preziorik handiena pagatu behar du zorraren truke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu