Krisia AEB-etan

Salbamendu plana onartu ezean AEBak "atzeraldi luze eta mingarrian" sartuko direla ohartarazi du Bushek

Krisia larria dela onartu du presidenteak. Halaber, McCainek eta Obamak agiri bateratua plazaratu dute egoera latza dela agertaraziz. Presidentetzarako hautagai errepublikanoak kanpaina bertan behera utzi du "krisiren konponbidean" murgiltzeko eta gauza bera egiteko eskatu dio demokraten hautagaiari.

2008ko irailaren 25a
18:32
Entzun
AEBetako buruzagi nagusiak kezkatuta daude krisi ekonomikoarekin, eta, gainera, kezka hori herritarrei helarazi nahi diete. George Bush presidenteak telebista bidez zabaldutako hitzaldia egin zuen atzo iluntzean (bart goizaldea Euskal Herrian), eta bere gobernuak ekonomia, eta, batik bat, finantza merkatua berbideratzeko proposatutako plana babesteko eskatu zien estatubatuarrei. Milaka milioi dolarren gastua izango duen egitasmo hori aurrera atera ezean AEBak "atzeraldi luze eta mingarrian" sartuko direla ohartarazi zuen.

"Normaletik kanpoko egoerek normaletik kanpoko ekintzak behar dituzte", agertu du, bestelako egoera batean Gobernuak finantza merkatuan esku hartzea ez lukeela inola ere baimenduko onartuz. "Finantza krisi larrian gaude, eta Gobernua neurri sendoekin ari da erantzuten". Guztira, 700.000 milioi dolar hondatutako finantza aktiboak salbatzeko erabiltzea proposatzen du Gobernuak.

Gainera, krisiari nola aurre egin eta zein neurri abian jarri aztertzeko Etxe Zurian egingo den bilerara gonbidatu ditu John McCain presidentetzarako hautagai errepublikanoa eta Barack Obama demokraten hautagaia. Biek onartu dute gonbidapena.

Gainera, hautagai biek ohar bateratua plazaratu dute egoera ekonomikoaren larritasunaz ohartaraziz eta neurri bateratuen beharra nabarmenduz. Gainera, McCainek kanpaina bertan behera uztea erabaki du indarrak "krisiaren konponbidean" jartzeko. Neurri zehatzak erabaki bitartean utzi du bertan behera, eta gauza bera egiteko eskatu du Obamari. Besteak beste, ostiralean bi hautagaien artean egitekoa den lehen eztabaida dago jokoan. Oraingoz, ez du ematen Obamak proposamena onartuko duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.