Salmentak %29 handitu ditu CAFek, baina eskaerek behera egin dute

952 milioi euro fakturatu ditu enpresak urteko lehen hiru hilabeteetan, iazko epe berean baino %29 gehiago. Hala ere, eskari zorroak eta kontratazioak behera egin du.

CAFen Beasaingo lantegia, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 5a
17:23
Entzun

Iazko kontratazio onaren fruituak jaso ditu CAFek 2023ko lehen hiru hilabeteetan. Enpresaren arabera iazko urte hasieran «garrantzia handiko hainbat kontratu» sinatu zituen, eta hein batean horregatik fakturatu dituzte 2023ko urtarrilaren lehenetik martxoaren amaierara 952 milioi euro, iazko epe berean baino %29 gehiago. Irabaziek ere gora egin dute, %2, 19,9 milioi irabaztetik 20,3 milioi euro irabaztera igaro baita enpresa.

Aurreko urteko ezohiko zifra horiek, baina, nabaritu egin dira aurten, kontratazioak %33 egin baitu behera. Iazko lehen hiruhilekoan 1.139 milioi euroko kontratuak itxi zituen CAFek, eta aurten 768 milioi euro. Nahiz eta jaitsiera handia izan, «kontratazioa ona» izan dela dio enpresak, «osaeragatik» batez ere.

CAFek aurtengo lehen hiruhilekoan sinatutako kontratu handiena 161 milioi eurokoa da; Frantziako Alstom patzuergoarentzat egingo ditu trenak: 11 Frantziarako eta zazpi Senegalerako. Budapesteko tranbia zerbitzuarentzat ere 31 unitate egingo dituzte, ia 100 milioi euroren truke. Alemanian eta Italian ZERO etiketadun eta isurpen basuko autobusak salduko dituzte ere: hidrogeno bidezko hamabi autobus Alemanian, eta 100 autobus hibrido Italian. 40 milioi euro inguruko kontratua da hori.

Eskarien zorroari dagokionez, urte artean ia berdin mantendu da, %1 egin baitu behera soilik. Hala, egungo eskarien zorroa 13.066 milioi euroan dago, oraindik sinatu gabe dauden hainbat proiektu kontuan hartu gabe —450 milioi euro inguru izango dira denak batuta—.

Europa, merkatu nagusia

Urtarriletik martxoaren amaierara lortutako kontratazioaren %75 Europako herrialdeetan sinatu ditu CAFek. Amerikako herrialdeetan lortu ditu kontratuen %24, eta %1 beste kontinenteetan. Jarduerari dagokionez, kontratazioaren erdia dira ibilgailuen salmentak: %28 trenena eta %23 autobusena. Zerbitzuak %29 izan dira, eta soluzio integralak eta sistemak, berriz, %20.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.