Bateratzearen ondorengo lehen urte fiskala "helburuak beteta" itxi du Siemens Gamesak. 2017ko urritik 2018ko irailera doan tartean 9.122 milioi euroren salmentak izan ditu, aurreko urtean baino %17 txikiago. Erorketa horrek bi arrazoi ditu: batetik, haize errota gutxiago saldu dituela —megawatten neurtuta, %5 gutxiago—, baina batez ere merkeago saldu behar izan dituela, lehia oso bizia baitago orain energia eolikoan.
Prezioak batez ere lurreko haize errotetan ari da jaisten, eta horiek dira oraindik orain Siemens Gamesaren salmenten %80. Edonola ere, 2018ko urte fiskalean pisua galdu dute (%82 izan ziren 2017an), itsasoko haize errotak, offshore deitutakoak, %7 gehiago saldu dituelako.
Joera hori are indartsuagoa izan da azken hiruhilekoan: %39 handitu da lurreko haize erroten salmenta, eta %82 itsasokoena.
Hurrengo urteetarako espektatiba onak ditu Zamudion egoitza duen multinazionalak, azken hilabeteetan eskariak asko handitu direlako: 11.872 MW instalatzeko kontratuak lortu ditu (+%9), eta onshore proiektuen eskariak berriro oso abiada bizia hartu du (+%30). Guztira, 22.800 milioi euroren eskariak ditu konpainiak, eta horietatik ia erdia zerbitzuei dagokie, hau da, parke eolikoen mantenimenduari.
Inbertsoreek oso ongi hartu dituzte emaitzak, eta %11etik gora ari da igotzen Siemens Gamesaren akzioaren kotizazioa.