MERKATARITZA EREDUAK

Saltoki gune handien hedadura bikoitza izango da 2008an

Mila biztanleko 214 metro koadrotik 427ra pasatuko da merkataritza guneen dentsitatea Hego Euskal Herrian

Ivan Santamaria.
GASTEIZ
2003ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
1977an zabaldu zen, Oiartzunen, lehenbiziko saltoki gune handia Hego Euskal Herrian. Iparraldean eta Europako beste toki batzuetan indarrean zegoen merkataritza eredu bati ateak zabaldu zizkion horrek. Apurka bada ere, gure artean zabaldu zen eredua, gainera. Hasiera batean denda gune handi hauek batez ere elikagai eta arroparenak ziren, baina gaur egun merkataritza, errestaurazioa eta aisialdia batzen dituzten gune erraldoiak bilakatu dira.

Eta gehiago datoz. Espainiako Azalera Handien Elkartearen (AECC) datuen arabera, egun halako 27 daude Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan. Saltokion hedadura, guztira, 574.508 metro koadrokoa da, eta, dentsitateari dagokionez, 214 metro koadro daude mila biztanleko.

Datozen sei urteotan saltoki handien presentzia bikoiztu e-gingo dela aurreikusi du AECCk. Dagoeneko 2008. urtea bitartean zabaltzeko aukerak dituzten 11 proiektu erregistraturik ditu elkarteak Hego Euskal Herrirako. Proiektu guztiak gauzatzen badira azalera handien hedadura, guztira, 1.100.000 metro koadrotik gora jarriko da, eta dentsitatea bikoiztu egingo da: 427 metro koadro mila biztanleko. Hamaika ekimen horien artean merkataritza gune berriak eta zabalkundeak daude.

Negozioak garatzeko aukerak ez zapuzteko eta konfidentzialtasunaren mesedetan AECCk ez du proiektu horien kokapenaren berririk eman nahi. Haatik, kasu esanguratsua da Nafarroakoa, beste bost gune eraikitzeko proiektuak martxan baitira. Horren eragina garbia da: saltoki handiak mila biztanleko 146 metro koadro izatetik 257 metro koadrora pasatuko dira, aurreikusitakoa betetzen bada.

Azken bost urteotan igoera adierazgarria

Aurreko bost urteotan garatu da, batez ere, saltoki gune handien presentzia Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan. Herrialde guztietan ere aurrerakada handia eman du halako saltokien hedadurak 1997. urtetik 2002. urtera.

La Caixa Kataluniako finantza erakundearen urtekari ekonomikoaren datuek islatzen dutenez, presentzia hori ia %100etik gora hazi da herrialde guztietan.

Araban, hain zuzen ere, merkataritza gune handiek hartzen duten tokia %420,4 igo da bost urteotan. Aldaketa hori oso-osorik Gasteizko udalerrian gertatu da. Gipuzkoan ere aldea aski argigarria da: %336 metro koadro gehiago. Donostiak gainditzen du, nabarmen gainera, kopuru hori: %592 gehiago. Nafarroan (%101) eta Bizkaian (%86,1) ere igarri da merkataritza eredu horren gorakada. 1997-2002 epean 11 saltoki gune handi zabaldu ziren Hego Euskal Herrian.

Txanponaren ifrentzuan denda txikiak edo tradizionalak daude. Txikizkako merkataritzak, Nafarroan izan ezik, atzera egiten du herrialde guztietan, La Caixak prestatutako ikerketaren arabera. Bizkaian jaitsi da, batez ere, betiko saltokien kopurua: %11,8 gutxiago azken bost urteotan. Joera hori gehiago islatzen da Bilbon, hiriburuan, non itxierak %13,8raino iritsi diren. Araban (%3,5) eta Gipuzkoan (%1) murrizketak apalagoak dira.

Nafarroan, aldiz, merkataritza tradizionala osasuntsu dabil eta denda txikiak 1997an baino %6 gehiago dira. Haatik, arestian aipatu bezala, herrialde horretan kokaturik daude, batez ere, proiektu berriak.

Adituen aburuz, merkataritza tradizionalaren krisia ez da soilik azalerahandien eragina. Alokairu garestiek edo espezializazio faltak ere kalte egin diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.