Merkataritza

Saltoki handiei metro koadroko hamabost euroko zerga jartzea proposatu du EH Bilduk

Kokatuta dauden herriko biztanle kopuruaren arabera ezarriko litzaieke zerga saltoki handiei. Euren jarduerak «ingurumenean duen eraginagatik» ordainduko lukete. Aparkalekuko metro koadro bakoitzeko hamabi euro ordainduko lituzkete.

Mercadona, Gasteizen. J. C. BARBERA
2020ko urtarrilaren 29a
10:04
Entzun

Nafarroan bezala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere saltoki handiek «ingurumenean duten eraginagatik» zerga bat ordaintzea proposatu du EH Bilduk gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Iker Casanova parlamentariak erregistratu duen proposamenaren arabera, saltoki handiek hamabost euro ordaindu beharko lituzkete saltokiak duen metro koadro bakoitzeko, eta beste hamabi, aparkalekuko metro koadro bakoitzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan saltoki handiek denera 800.000 metro koadro hartzen dituzte, eta zerga horrekin urtean hamabi milioi euro bildu ahal izango liratekeela aurreikusten du EH Bilduk.

Neurria ez litzaieke, ordea, berdin ezarriko saltoki handi guztiei, eta kokatzen diren herriko biztanle kopuruaren arabera ordainaraziko litzaieke. Hala, 30.000tik gora biztanle dituzten hirietan 2.500 metro koadro eta 3.500eko sabai azalera duten saltokiek ordaindu beharko lukete, zerga aurrera ateratzen bada. 10.000 eta 30.000 biztanle bitarteko herrietan, 1.800 metro koadro eta 2.500eko sabai azalera dutenek. Eta 10.000 biztanletik beherako herrietan, 700 metro koadro eta 1.300eko sabai-azalera dutenek. Azokek eta aldi baterako erakusketek ez lukete zerga hori ordaindu beharko.

EH Bilduk gaur aurkeztu du proposamena, eta azaldu duenez, bi dira helburuak: saltoki tradizionalak babestea eta saltoki handi horien jarduerak «ingurumenean duen eragina» orekatzea, behar dituzten azpiegiturak eta sortzen duten ibilgailu trafikoa dela eta. Lege proposamenean murrizketak ere jaso ditu EH Bilduk; esaterako, gutxienez bi garraio publikoz irisgarri diren saltokiek %10eko beherapena izan dezakete.

EH Bilduk bere proposamena jaso du Kontzertu Ekonomikoaren arabera aldundiei eta batzar nagusiei dagokiela zerga sistema arautzea, baina gaineratu du saltoki handien zerga kontzeptu hau Kontzertutik kanpo geratzen dela eta, horregatik, Eusko Legebiltzarrari dagokiola sortzea eta garatzea. Edozein kasutan, lege proposamenean jaso duenez, zerga horren kudeaketa foru erakundeen esku geratuko litzateke, eurena delako zergak biltzeko eskumena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.