Saltoki handiek %21 handitu zuten janari salmenta apirilean

Hala ere, %5,3 gutxiago saldu dute, beste produktuen salmenta %64,4 hondoratu zelako.

Herritarrak ilada egiten Gasteizko supermerkatu batean, apirilean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 27a
11:02
Entzun

Koronabirusak supermerkatuei mesede handia egin dien ustea ez da guztiz zuzena. Herritarrek jatetxeetan eta tabernetan jan eta edan ez dutenaren zati bat saltzeko gai izan dira, baina horrek ez die konpentsatu beste produktu batzuen salmentan izan duten beherakada handia.

Hori diote behintzat Eustaten datuek. Kaleratu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako saltoki handietako eta elikadura kate handietako salmentak %5,3 gutxitu dira apirilean, 2019ko hilabete horrekin alderatuz gero. Martxoarekin alderatuta %2,4 jaitsi dira, baina hori azal dezake martxoa oso ezohikoa izan zela, itxialdiaren bezperan eta haren lehen egunetan neurrigabeko erosketak egin zituztelako herritar askok.

Produktuen araberako banaketa oso desberdina da. Saltoki handiek %21,2 handitu zuten elikagaien salmenta, iazko apirilean tabernetan eta jatetxeetan kontsumitutakoaren zati bat bereganatu zutelako. Baina beste produktuen salmenta %64,4 jaitsi da, besteak beste, saltoki handietan elikadurarekin zerikusia ez duten atal osoak itxita izan direlako, irekitzerik ez zuten saltoki espezializatuei lehia desleiala ez egiteko.

Kontsumoaren erorikoa askoz handiagoa izan da Bizkaian (-%8) Gipuzkoan (-%2,1) eta Araban baino (-%2,5), ziur aski lehen lurralde horretan daudelako elikadurarekin zerikusia ez duten kate handi gehiago —Barakaldoko Ikea, esaterako—.

Eustatek onartu du zailtasun handiak izan dituela zenbait datu biltzeko, establezimendu batzuk osorik edo partzialki itxita izan direlako, baina balekotzat jo du %76ko estaldura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.