EKONOMIA

Saltokietan ogasunari iruzur masiboa egiten zaiola ukatu du Gipuzkoako Merkatarien Federazioak

Eusko Legebiltzarreko iruzurraren aurkako batzordearen salaketak sektore osoari kalte egiten diotela ziurtatu du.

EAEko iruzurraren aurkako batzordeko presidentea, Antonio Perez Delgado. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2015eko ekainaren 12a
10:36
Entzun

Gipuzkoako Merkataritza Federazioari min eman dio Antonio Perez Delgadok asteazkenean Eusko Legebiltzarrean salatutakoa. Parlamentu horretako iruzurraren aurkako batzordeko buruak salatu zuen saltoki edo taberna batzuek  diru sarrerak ezkutatzeko aukera eskaintzen duten programa informatikoak dituztela. Arazoa uste baino hedatuagoa dagoela azaldu zien parlamentariei. 2014. urteeko urtean, hogei bat enpresa ikuskatu zituzten eta horietatik hemezortzitan diru sarrerak trukatzeko sistemaren bat zutela egiaztatu zuten. Ez zuten argitu saltokiak edo tabernak ziren, baina bai kontsumitzaile arruntari zerbitzua ematen dioten enpresak direla.

Praktika ez da berria, baina saltokietan eta tabernetan kontularitza eramateko sistemak modernizatu izanak nabarmen hedatu du. Gaur egun, salmenta postuek zerikusi handiago dute ordenagailu batekin, kutxa erregistratzaile klasikoarekin baino. Negozio txikietan, kontularitza eramatea errazago bihurtu du digitalizazioak, baina, aldi berean, ogasunari iruzur egiteko beste bide bat ireki du.

Salaketa horrekin haserre azaldu da Gipuzkoako Merkatarien Federazioa. Perez Delgadok aipatutako lagina txikiegia dela nabarmendu du agiri batean. "20 establezimenduren lagina ezin da estrapolatu eta sektorean jokaera txarra dagoela esan". Kontrakoa gertatzen dela uste du, ordainketa gehienak zuzen erregistratzen direla. "Harrigarria da iruzur masiboaz hitz egitea, geure sektorean bereziki, salmenten zati handi bat txartelen bidez egiten baita eta, hortaz, ordainketak erregistraturik geratzen dira".

Batzordeak salatutakoa "ez dator bat merkataritza sektorearen eguneroko jardunarekin". Horregatik, "oso kezkatuta" daude halako "mezu orokorrak" zabaltzeagatik, "egunero euskal gizarteari onena eskaintzeko lana egiten duen sektore baten irudiari kalte egiten baitio".

"Normala guztia deklaratzea da"

Iruzurra dagoenik gezurtatzera ez da iritsi, berriz, Angel Gago Bizkaiko Ostalaritzako Elkarteko presidentea. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, ogasunari ordaindu behar zaiola aldarrikatu du, baina aldi berean nabarmendu nahi izan ditu sektorearen lan baldintza gogorrak. "Normalena izango litzateke ostalariak, dendariak, dentistak edo dena delakoak guztia deklaratzea, baina aintzat hartu behar da egiten ari den ahalegin gehigarria". 

Ostalarien eta dendarien baldintzak sektore publikoko langileekin alderatu ditu Gagok. "Gerta daiteke gure langileek urtean 3.000 ordu lan egitea, eta horren aurrean sektore publikoko langileek urtean 1.500 ordu, lanera joaten ez diren egunak kontuan hartu gabe".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.