S&P agentziak 'zabor bonuaren' bidean jarri du Espainiaren zorra

Datozen asteotan Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako gobernuaren egoera berraztertu eta bien maila bi koska jaitsiko du ziurrenikMargallok «Kataluniaren nora ezari» egotzi dio errua, baina agentziak ez du aipatzen

Ivan Santamaria.
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak azken asteotan izan duen lasaitasuna zalantzan jarri du berriro Standard & Poor's rating agentziak. Espainiaren zor jaulkipenek duten kalifikazioari bi koska kentzea erabaki du, eta, horrenbestez, zabor bonuen bidean jarri du. Inbertsio maila galtzeak jauzi kualitatibo bat eragingo luke, merkatuetan finantzaketa eskuratzea asko zailduko lukeelako. Erabakiak ez du oraingoz burtsan edo arrisku sarian ondoriorik izan, baina kalifikazioa are gehiago jaistea posible dela argi utzi du S&Pk.

Berrazterketaren ondotik, epe luzeko Espainiako zor publikoa BBB- mailarekin geratu da, oraindik ere inbertitzea gomendagarria den azken nota. Hurrengo kalifikazioa —BB+ eta horren azpitik daudenak — espekulatibotzat eta arrisku handikotzat jotzen dira. Inbertitzaile batzuek — instituzionalak, pentsio funts handien gisara — debekatuta izaten dute bonu espekulatibo horietan dirua sartzea. Zabor bonura iritsiko balitz, are zailagoa izango litzaioke Raxoiren gobernuari behar duen finantzaketa lortzea, eta zorraren balizko erosleek ere etekin handiagoak exijituko lituzkete.

Albistea ez da ona Espainiarentzat, baina ezta Eusko Jaurlaritzarentzat edo Nafarroako Gobernuarentzat ere. Krisia gogortu zenetik Hegoaldeko bi gobernuen zorrak duen kalifikazioa Espainiakoaren gainetik egon da. Ez da ohiko formula, baina bi gobernuek dituzten finantza ahalmen zabalei aitortza egiten die. Haatik, Espainiako zorraren nota jaitsi duen bakoitzean, aste batzuk geroago Jaurlaritzaren eta Nafarroako gobernuaren kalifikazioak jaitsi ditu S&Pk. Bi koska badira A preziatua galduko dute, eta BBB+ mailan geratuko dira.

S&Pren iragarpenak Raxoiren gobernua aztoratu zuen. Alde batetik, erabakiak ez duela merkatuek Espainiari buruz duten benetako iritzia islatzen argudiatu zuen. Beste alde batetik, rating agentziaren erabakia Katalunian independentziaren alde sortu den mugimenduari egotzi zion. «Kataluniako nora ez subiranistaren ondorioz, Espainiaren zorra ahultzen da», ziurtatu zuen Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroak. Zuhurrago, baina ildo berean, Soraya Saez de Santamaria presidenteordea: «Egonkortasun politikoak ere merkatuetan kotizatzen du».

S&Pk ez du Katalunia aipatu

Gobernuak Kataluniaren aurka jotzeko baliatu bazuen ere, errealitatean S&Pren txostenak ez dio inolako aipamenik egiten Kataluniak independentziarako duen grinari. Agentziaren ustez, atzeraldia da Espainiako Gobernuaren aukera politikoak mugatzen dituen arrazoi nagusia, eta hor kokatzen du erkidegoekin dituen liskarrak. «Langabeziaren hazkundeak eta gastu murrizketek gizarte ezinegona handitu, eta Espainiako Gobernuaren eta eskualdeetakoen arteko tentsioa areagotuko du».

Datorren urteko aurrekontua «baikorregia» iruditzen zaio S&P agentziari, eta, defizit mugak pasatu nahi ez baditu, murrizketa neurri gehiago hartu beharko dituela iragarri du, eta horrek atzeraldia sakonago bihurtuko du.

Nota jaitsiko duela ohartarazi du S&Pk, gainera: erreforma prozesua gelditzen bada atzeraldi handiago baten ondorioz, euroguneko babesak huts eginez gero, edo 2014 urterako zorrak BPGaren %100 gainditzen badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.