ENPRESAK

Saneamenduek Eroskiren galerak ia hirukoiztu dituzte, 280 milioira arte

Salmentak %2 jaitsi zaizkio, baina 2014ko bigarren erdian suspertu egin dira Eroski Club txartelaren eskutik

Iker Aranburu.
2015eko maiatzaren 27a
10:40
Entzun

Saneamenduek eta zor handiak baldintzatutako emaitzak aurkeztu ditu Eroskik. Azken ekitaldiko emaitzak —2014ko otsailetik 2015eko urtarrilera artekoak— negatiboak izan ziren berriro ere, 280,2 milioi euroren galera erakutsi baitute. 2013ko emaitzak berrikusi ondoren, galeren hazkundea %169koa da. Hau da, ia hirukoiztu egin dituela.

Baina galera horien atzetik bi azalpen daude. Batetik, Elorrioko kooperatibak dirua hornitu behar izan dituela zenbait inbertsiotan izan ditzakeen galerak estaltzeko, eta bere aktibo batzuren balioaren jaitsiera kubritzeko. Zehazki, 256 milioi jarri ditu horretarako. Horri esker, "argi eta garbi balantze sanoago baterako trantsizioa gertatu da", koooperatibaren esanetan. Bestetik, Eroskik bere hazkundearen garaian egindako inbertsio handietan eta Capraboren erosketan pilatutako zor handia ordaintzen jarraitzen du. Negoziazio luzeen ondoren, aurten itxi du azkenik bere zorra berregituratzeko akordioa.

Berez, Eroskiren negozioak dirua ematen du. Hau da, elikagaiak eta beste produktuak salduta dirua irabazten du. Zehazki, 90 milioi euroren etekin operatiboa du, aurreko urtean bezainbeste (%0,3). Testuinguru zail batean lortu du emaitza horri eustea, 2014an ere behera egin baitute Eroskiren salmentek. 6.106 milioi euro fakturatu zituen, aurreko urtean %2 gutxiago. Aurreko urteotako jaitsiera apalagoa izan zen iaz, batez ere urtearen bigarren erdian salmentak suspertu zirelako. Eroskiren arabera, horretan zerikusia izan dute Eroski Club bazkide txartel berriaren arrakastak (%3 handitu ditu salmentak) eta frankizien sarea asko hedatu izanak (%6). Txartel berriari esker  Eroskiren bezeroek 110 milioi aurreztu dituztela nabarmendu du Eroskik, iaz baino %40 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.