NAFARROAKO KUTXA

Sanzen eta Goñiren aurka Kontuz-ek jarritako salaketa tramiterako onartu du epaileak

Maria Paz Benito epaileak diligentziak ireki ditu, eta orain ebatziko da Madrilen edo Iruñean ikertzen den auzia.

joxerra senar
2013ko urtarrilaren 24a
00:15
Entzun

Kontuz plataformak iragan ostiral goizean Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiaren eta Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari ohiaren aurka jarritako salaketa tramitera onartu du Maria Paz Benito Oses Iruñeko 3. Instrukzio epaitegiko epaileak. Era berean, ikerketa abiatzeko agindu du.

Autoak dio Nafarroako Auzitegi Nagusiko fiskaltzak jada “antzeko gertaerengatik” aurrez diligentziak agindu dituela eta orain arte ikertutakoa eskatu du epaileak. Hala, bi prozedurak batzea proposatzen du. Kontuz-ek ohar bidez ondorioztatu duenez, Nafarroako Kutxaren ikerketa guztiak prozedura bakarrera eramanez gero, ebatzi egin beharko da non egiten den ikerketa judiziala: Madrilen edo Iruñean. Zigor Kodeko sozietate delituak egozten dizkie Kontuz-ek Goñiri eta Sanzi: besteak beste, kontuak faltsutzea, euren onerako abusuzko akordioak ezartzea, informazioa ematea ukatzea eta erakundeko funtsen erabilera iruzurtia egitea.

Gainera, Nafarroako Lurralde Auzitegiko 2. Instrukzio epaitegiko epaile Fermin Otamendik onartu du Kontuz herri akusazio gisa aurkeztu ahalko dela Cervera auzian. Epaileak Kontuz-i 1.000 euroko bermea eskatzen dio.

Bi epaileen erabakiak “oso ondo” baloratu ditu Kontuz-ek prentsa oharrean. “Behingoz Nafarroako Kutxan gertatutakoa argitzeko bidea zabaltzen dute bi erabakiek”, azaldu du. Kontuz-ek berretsi du Nafarroako Kutxan jazotakoa “hemen” mamitu zenez Iruñean egin beharko litzatekeela ikerketa judiziala, “eta ez Madrilen”. Era berean, otsailaren 2an Iruñean Golem zinema aretoetatik aterako den manifestazioarekin bat egiteko deia egin du. Kostu judizialei aurre egiteko kontu korrontea ireki dute Euskadiko Kutxan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.