Sarkozyk erreforma bigundu du, protesta gogortzea eragozteko

Haur elbarriak zaintzeagatik lana utzi duten gurasoei erretiroa gaur egungo baldintzetan hartzeko aukera eman die

Iker Aranburu.
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Pentsio erreformaren aurkako protestak mugagabe egiteko deiak zabaltzen ari direla, mobilizazioak apaltzeko keinua egin du Nicolas Sarkozy Frantziako Errepublikako presidenteak. Beren haurrak zaintzeko lana etenduten gurasoei erretiroa aurretik hartzeko aukera eman nahidie Frantziako Gobernuak. Erreformaren neurri nagusiak-erretiroaren adina 60 urtetik 62ra atzeratzea, eta pentsioa osorik jasotzekoa 65 urtetik 67ra emendatzea- aldatuko ez dituela berretsi du Gobernuak.

Pentsio sistema erreformatzeko legegaia Senatuan dago orain eztabaidagai, eta han izan zen atzo Eric Woerth Lan ministroa, proposatutako zuzenketen berri ematen. Bi dira aldaketa nagusiak. Batetik, datozen bost urteotan, hiru seme-alaba edo gehiago izan dituzten emazteek pentsioa osorik jaso ahal izango dute 67 urte bete gabe ere, baldin eta haur horiek zaintzeko lana utzi badute. Aldaketa horrek 130.000 emakumeri eragingo lieke, hain zuzen ere, 1951 eta 1955 artean jaiotakoei. Bigarrenik, elbarritasun fisiko edo psikiko handiak dituzten haurren gurasoek pentsioa osorik eskuratuko dute 67 urte izatera itxaron gabe. Neurri horrek ez du epe mugarik. Bien kostua 3.400 milioi eurokoa dela esan du Woerthek, eta kapitalaren gaineko zerga 0,2 puntu igota eta etxebizitzen gainbalioen gaineko kapitalekin parekatuz lortuko dute dirua.

«Bi neurri horiek urrats handiak dira, eta erakusten dute gobernuak entzun egiten dituela karriketako, Asanblea Nazionaleko eta Senatuaren haserreak eta kezkak», azaldu du Woerthek. Berez, proposamenen lehen xedea da senatari zentrista eta eskuindar batzuk limurtzea, erreforma asko atzeratu ez dezaten. Testua onartuta protestek indarra galduko dutela espero du Gobernuak.

Sindikatuen artean iritzi desberdinak daude protesten jarraipenari buruz. Greba mugagabearen alde azaldu dira FO, Solidaires eta FSU -eta LAB Ipar Euskal Herrian-, eta CGT eta CFDT sindikatu nagusietan ere horren aldeko ahotsak entzuten hasi dira federazio batzuetan. Zuhurrago jokatzen ari da Bernard Thibault CGTko idazkari nagusia, CFDT greba mugagabeekiko are uzkurrago dagoela ikusita eta erradikalizatzearen porrotak Sarkozy indartuko lukeela ohartuta.Ipar Euskal Herrian, astearterako «altxatzearen aldeko deia» egin dute sindikatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.