Saudi Arabiak ez du zalantzarik

Petrolio gehiago ekoizteari ekin dio, Libiaren hutsunea betetzeko, LPEE aintzat hartu gabe

jakes goikoetxea
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
LPEEko kideak elkarrekin hitz egiten ari dira, baina ez dute akordiorik lortu. Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundeko herrialde batzuek petrolio gehiago ustiatu nahi dute Libiaren ekoizpen hutsunea betetzeko; merkatuetako petrolio eskasiaren beldurrak uxatzeko;eta prezioaren igoera eutsiezina indargabetzeko, petrolio garestiak kolokan jarri baitezake krisiaren osteko hazkunde indargea. Beste petrolio ekoizle batzuek, aldiz, uste dute ez dagoela petrolio faltarik eta, beraz, ez dagoela gehiago ustiatu beharrik. Saudi Arabiak erabakia hartu du. Bere kontura. Erabakia onartu gabe dagoela erantzun du Kuwaitek.

Beno, petrolio gehiago ustiatu edo ez hitzartu aurretik erabaki behar dute ea horri buruz hitz egiteko premiazko bilera bat egin behar duten edo ez. Sheikh Ahmad al-Abdulla al-Sabah Kuwaiteko Petrolio ministroaren esanetan, ordezkari guztiei deitzen ari da LPEEko idazkari nagusia, Abdallah El Badri. Premiazko bilera egin behar den edo ez galdetzeko.

Libiak herrialdean altxamendua hasi baino milioi bat upel inguru gutxiago (-%63) ekoizten ditu, Energiaren Nazioarteko Erakundearen arabera. 1,58 milioi upel ekoizten zituen orduan.

Lasaitasun garestia

Ekoizpena handitzeko aukerek merkatu egin zuten petrolioaren prezioa goizean, baina berriro gora egin zuten arratsaldean, herenegun baino merkeago saldu ziren arren. Brent upelaren prezioa 112,79 dolarrera eta Texas upelarena 104,08 dolarrera jaitsi ziren. Brent upela, beraz,

Saudi Arabia dagokiona baino petrolio gehiago ekoizten ari da. Eguneko 8,1 milioi upeleko kuota dagokio, baina hainbat iturrik uste dute bederatzi milioi upeletik gora ekoizten ari dela egunero.

Badaezpada, zalantzak uxatzeko, Ali I. Al-Naimi Saudi Arabiako Petrolio ministroak esan dute nahikoa petrolio dutela edozein urritasun egoerari erantzuteko. Baita egunero, behar izanez gero, 3,5 milioi upel gehiago ekoiztu ditzaketela ere.

Saudi Arabiarekin bat egin dute Arabiar Emirerri Batuek, Kuwaitek eta Nigeriak, Financial Times-en arabera. Saudi Arabiak 700.000 upel gehiago egunean; gainerako hiru herrialdeen artean 300.000 upel inguru gehiago.

Aljeria eta Iran aukera horren kontra daude. Iranentzat ez da beharrezkoa LPEEko herrialdeek petrolio gehiago ustiatzea, «ez baitago petrolio faltarik merkatuan». «Bainakontsumitzaileak kezkatuta daude, hori psikologikoa da», onartu zuen Irango LPEEko ministroak, Mohammad Ali Khatibik.

LPEEk hamabi herrialde biltzen ditu: Angola, Aljeria, Arabiar Emirerri Batuak, Ekuador, Irak, Iran, Kuwait, Libia, Nigeria, Qatar, Saudi Arabia eta Venezuela. Munduko petrolio ekoizpenaren %40 inguru kontrolatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.