Saunier Duvalek apirilaren 15ean jakinarazi zuen Gasteizko lantegian ekoizteari utziko ziola. Eta atzo aurkeztu zuen 80 langile kaleratzeko erregulazio dosierra. Langileen batzordeak prentsa ohar batean adierazi duenez, datorren asteazkenean zabalduko da erregulazioaren inguruan kontsultak egiteko epea, langileak eta zuzendaritza negoziatzen hasiko diren egun berean, hain zuzen.
Tito Lasarte LABek langile batzordean duen ordezkariaren esanetan, orain arte bere asmoen berri baino ez die eman enpresak. «Datorren astean hasiko gara negoziatzen, eta elkarrizketen emaitzen araberakoa izango da gure erantzuna. Guk lanpostuak defendatuko ditugu, kosta ahala kosta». Lasarteren ustetan, ulertezina da enpresaren jarrera, ez duelako inolako arrazoi ekonomiko eta produktiborik 80 langile kaleratzeko. «Eskari berriak ongi sartzen ari ziren, eta ez geunden enplegu erregulazioan. Lantegiaren egoera ona zen, eta denok ezustean harrapatu gintuen enpresak ekoizteari uzteko asmoa zuela esan zigunean».
Egunotan, gertatzen ari zaiena gizarteratzeko ahal duten guztia egiten ari dira Saunier Duvaleko langileak:sinadurak biltzen, elkarretaratzeak eta auto ilarak egiten, alderdi politiko eta gizarte eragileekin hitz egiten. Blog bat ere badute Interneten mobilizazioen berri emateko: http://saunierborrokan.blogspot.com.
Saunier Duvalek 118 langile ditu Arabako hiriburuan. Enpresaren esanetan, berregituratzearen ondorioz, horietatik 80 joango lirateke kalera. Beste 38 langileek han jarraituko lukete, ikerketa eta garapen adarrei eusteko asmoa baitu. Saunier Duvalen jabeak, Alemaniako Vaillant multinazionalak, Frantzian eta Alemanian dituen lantegietan bildu nahi du Europan duen ekoizpena, gastuak gutxitzeko eta espezializazioa bultzatzeko helburuarekin. Europako beste lantegi batzuetan ere iragarri ditu kaleratzeak.
Saunier Duvalek aurkeztu du 80 langile kaleratzeko erregulazioa
Datorren asteazkenean hasiko dira negoziatzen; emaitzen araberakoa izango da langileen erantzuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu