Saveran deslokalizazioa onartzea egotzi diote langileek Gobernuari

Enpresaren argudioak egiaztatzeko frogarik ez zuela onartu arren, espedientearen alde egin du lan ikuskaritzak

joxerra senar
2010eko uztailaren 31
00:00
Entzun
«Roig jaunak gezurra esan du». Nafarroako Gobernuak Berako Saverako fabrikako 46 langile kaleratzeko espedientea onartu du asteon, eta atzo langileek kritikatu zuten «erantzule nagusiak» gobernua eta Jose Maria Roig lan kontseilaria direla. Jokin Arbea Nafarroako ELAko Metaleko arduradunak gogora ekarri du deslokalizaziorik ez zela onartuko promes egin zuela Roigek: «Savera Groupek orain deslokalizazio argi eta garbi bat abiatu du, eta erakunde eta kargu publikoek bultzatu eta babestu egin dute».

Lan ikuskaritzari, berriz, argudio sendorik izan gabe, kaleratzeen aldeko iritzia ematea aurpegiratu diote. Izan ere, ikuskaritzak txostenean onartu du ez duela ahalmenik kaleratzeak «neurrizkoak diren edo ez» jakiteko. Gogoan hartu behar da orain arte batez beste langileak 64 egun egon direla behin-behineko espedienteetan. «Horrek %16ko produkzio jaitsiera esan nahi du, eta hala ere ia langileriaren %50 kaleratu du. Non dago neurriz jokatzea?». Argazkietan, ikuskaritzari erakutsi diote enpresak Txinatik produktuak ekarri eta etiketa soil bat jarrita Berakoak balira bezala saldu dituela.

Langileek salatu dute enpresa egoera onean dela, iaz 1,224 milioi euro irabazi zituelako, eta beldur dira enpresak produkzioa beste fabriketara eramanda erregulazioko espedientea onartuko ote duen. Horregatik, Berako lantokiaren bideragarritasuna ahalbidetuko duen plan bat exijitzen dute. Bitartean, greba mugagabean jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.